Azken lan istripu hilgarria salatzeko mobilizatu dira Olarizuko gazteak
Auzo antolakuntza eta borroka aldarrikatu zituzten, prekarietatearen eta lan heriotzen aurrean. Gehiengo sindikalak ere elkarretaratzea deitu du, ostegunerako.
Langile bat hil zen atzo, urtarrilak 10, Gasteizen, Olarizuko obretan izandako lan istripuan. Eguerdi aldera izan zen ezbeharra: langile bat aldamio batetik erori eta hil egin zen, unean bertan. Anbulantzia bertaratu zen arren, ezin izan dute langilearen bizitza salbatu. Azpikontratatutako enpresa bateko langilea zen. 2020an, modu berean hil zen beste langile bat Olarizu auzoan bertan.
Atzo gauean bertan, Olarizu auzoko gazte asanbladak kazerolada deitu zuen, lan istripuak eta prekarizazio basatia salatu eta “egoera desnormalizatzeko” helburuz. Auzo erantzunaren beharra azpimarratu dute gazteek, “prekarietatearen aurrean era kolektiboan saretzen, erantzuten eta borrokatzen jarraitzeko”.
Gehiengo sindikalak, bere aldetik, kontzentrazio bateratua deitu du ostegunerako, urtarrilak 13, 11.30etan Olarizu hiribidean. «Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea» lelopean egingo dute elkarretaratzea ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, eta HIRU sindikatuek.
LABek ohar batean azaldu du hildako langile honekin gutxienez 2 langile hil direla aurten Euskal Herrian eta 62 langile hil zirela 2021ean. EAEko administrazioak lan istripuak ekiditeko hartutako neurrien eraginkortasun falta salatu du sindikatuak, eraikuntza sektorean bereziki, altueretatik erorita gertatutako lan istripuak oso ohikoak direlako. Gogorarazi dute arazoaren erroa direla prekarizazioa, azpikontratazioa eta sektore honetako lan-baldintzak. Beharrezkoa da, LABen arabera, “erakundeen inplikazioa eta sektore honetarako plan espezifiko bat, neurri egokiekin benetako prebentzio politikekin”.
ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta patronalari eskatu die “berehala ezar ditzatela prebentzio-legeriaren ez-betetzeak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko neurriak”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!