Urriaren 20an deklaratuko dute Legution martxoan inputatutakoek
Martxoaren 19ko iluntzean Legution izandako istilu batean Ertzaintzak bi lagun identifikatu eta horietako bat atxilotu zuen. Auziperatuak epailearen aurretik pasako dira asteazkenean. Legutioko herritarrek auzia "muntai poliziala" dela salatu dute.
Irudia: Desjabetuon Hotela @desjabetuon
Martxoaren 19ko iluntzean Legution izandako istilu batean Ertzaintzak bi lagun identifikatu eta horietako bat atxilotu zuen. Legutioko Desjabetuen Hotela taldeak azaldu zuen 20:00ak pasata, kalean zegoen jendea etxeratzeko asmoz zegoela, Ertzaintza agertu zela Komertzio kalean. Patrulla bertan zegoen jendearekin eztabaidan hasi eta megafonotik isunekin mehatxatu zituzten. Batzuk etxeratzen hasiak zirela, patrulla beste aldeko sarbidera mugitu eta eztabaidan jarraitu zuen han zirenekin. Orduan, 18 patrulla heldu ziren eta bertan zeuden 30 lagun inguratu zituzten plazan. Bi pertsona identifikatu eta horietako bat atxilo eraman zutela jakinarazi zuten gazteek.
Hurrengo egunetan Ertzaintzak emandako bertsioaren araberam atxilotuak bi ertzaini eraso egin zien, baina hori “faltsua” dela azaldu zuten Legutioko gazteek, eta gertatutakoa “muntai poliziala” dela. Martxoan zehar atxiloketa eta esku-hartzea gogor salatu zituzten Desjabetuen Hoteleko kideek, “salbuespen neurri politikoek indar polizialei emandako inpunitateari esker” ematen direla eta. Atxilotuaren “berehalako” askatasuna exijitu zuten eta “elkartasun osoa” adierazi hurrengo egunean egindako elkarretaratzean.
Joan den hilean, irailaren 9an, “muntai-polizialean” parte hartu zuten ertzainek deklaratu zuten eta, “espero bezala, gezurrak esan” zituzten, Legutioko kaleetan zabaldu den ohar baten arabera, Arabako Aleak jakinarazi duenez. “Erasoaren sortzaile” izatea leporatzen dioten ikertutakoaren deskibapen fisikoa, esan dutenez, ez dator pertsona horren itxurarekin bat. Pertsona hori, gainera, etxean omen zen egun hartan.
Istiluetan bertan atxilotutako lagunari agintaritzaren aurkako atentatua, erresistentzia eta desordena publikoak egozten dizkiote. Atxilotu zuen ertzainak lesioen mediku-txosten “faltsua” aurkeztu duela salatu dute oharrean: “Atxilotuak ez zuen inongo momentuan ertzainari eraso egin. Jakina denez, ez zuen atxiloketaren aurka egin eta ez zen desordena publikorik egon. Honako guztia ikusizko materialen bitartez dokumentatuta dago”. Deklaratuko duen hirugarren pertsonari agintaritzaren aurkako atentatua leporatu diote.
Urriaren 20an, asteazkena, epailearen aurrean deklaratuko dute hirurek. “Akusazio faltsuen, existitzen ez diren delituen eta Ertzaintzaren muntaiaren aurrean” errugabeak direla defendatuko dute. Egoera horren aurrean elkartasuna eta babesa adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo, igandean, Legution.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!