Manifestazioa egingo du Arabako Pentsiodunen Mugimenduak, Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta
Adineko pertsonen eskubideak aldarrikatuko dituzte. Besteak beste, zaintza-sistema kalitatezkoa eta publikoa eskatzen dute, adineko pertsonak duintasunez artatuko dituena eta menpekotasunarekin negoziorik egingo ez duena.
Gaur, urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta, manifestazioa deitu du Arabako Pentsiodunen Mugimenduak. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da, Gasteizko Artiumeko plazan.
Pentsiodunen Mugimenduak azaldu du egungo gizarte- eta osasun-politikei dagokienez, Covid 19 pandemiak agerian utzi dituela adinekoek erabiltzen dituzten zerbitzu publikoen gabezia larriak: zerbitzu soziosanitarioenak, eguneko zentroenak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuarenak, egoitzenak, ospitaleenak eta abar. Adineko pertsona asko bakarrik eta bakartuta egon dira etxe zein egoitzetan.
Zaintza-sistema birpentsatzeko beharra aldarrikatu dute. Izan ere, prekarizatua eta feminizatua izateaz gain, ez die gaur egungo adineko pertsonek dituzten beharrei erantzuten. Pertsonen autonomia eta parte-hartze soziala bultzatuko duen zaintza eredua behar dela defendatzen dute. Oro har, beharrezkotzat dute genero desberdintasunak gainditzea eta zaintza duinak bermatzea, adinekoen egoera eta beharretara egokituta.
Zaintza-sistema kalitatezkoa eta duina
Zaintza-sistema, azaldu dutenez, integrala izan behar da eta pertsonek galdetzeko, entzuteko eta erabakitzeko duten eskubidea bermatu behar du norberaren bizi-proiektuari, zaintza-ibilbideari eta nahi duten hiltzeko baldintzei dagokionean. Pertsonaren autonomia bultzatu behar du: gaitasun kognitiboak eta fisikoak indartu, bai eta ingurune soziokulturalean aktiboki parte hartzea bultzatu ere.
Gainera, zaintza sektoreko langileentzako tratu egokia bermatu behar dela azpimarratu dute, behin betiko etenez langile horien duintasunaren aurkako adierazpen, jarrera eta jarduera infantilizatzaile, sexista eta iraingarriak. Sektoreak behar bezala ordaindutako eta espezializatutako langileak behar dituela ere gehitu dute.
Bide horretan, administrazio publikoari dagokion ardura hartzeko exijituko diote pentsiodunek, “adineko helduek duintasunez bizitzeko eta zaintzeko duten eskubidea bermatu behar dutelako”. Gobernuek, aldundiek eta udalek zerbitzu publikoen sare zabal eta askotarikoa sustatu eta mantendu behar dutela aldarrikatzen dute, hirietan zein landa-eremuan adinekoek behar duten zaintzari modu errealean erantzuteko.
Pentsiodunen mugimendua
Pentsiodunen mugimendua 2018tik ari da pentsio publiko duinen aldeko borrokan. Irailaren 28an Euskal Herriko eta estatuko pentsionista taldeak Bruselaran izan ziren, Europako Parlamentuara haien aldarrikapenak eramateko. Oraingoan, urriaren 1ean, kalitatezko zaintza-sistema publikoaren alde deitu dute mobilizaioa Arabako pentsiodunek. Jesús Mari, mugimenduko kidea, irratian izan dugu gaur gai horiek guztiak azaltzeko. Hemen entzungai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!