Topaketa Libertarioak egingo dira Gasteizen
Errekaleor auzoan, ZAPateneon eta gaztetxean hitzaldi, tailer zein kontzertu ugari antolatu dituzte, irailaren 16a eta 19a bitartean, "elkar ezagutu, debatitu, pentsatu eta saretzeko". Eneko Segurak kontatu digu Araba Hizpiden.
Topaketa Libertarioak antolatu dituzte Gasteizen, irailaren 16tik 19ra bitartean, ostegunetik igandera. Hitzaldi, tailer, mahai-inguru eta kontzertuek osatzen dute egitaraua; ZAPateneon eta Gaztetxean ostegunean, eta Errekaleor auzoan hurrengo egunetan.
Udaberritik ari dira antolatzaileak lanean eta “gogoz beterik” daude “azken txanpan”. Eneko Segurak kontatu du gaur goizean Hala Bedi Irratiko Araba Hizpide irratsaioan:
Alde batetik, “deslokalizatua” egon den mugimendu libertarioko kideen artean elkar ezagutu eta saretzea bultzatzeaa dute helburu. Bestalde, topaketa “aurrean daukagun egoerari irtenbidea aurkitzen saiatzeko” tresna ere izan daitekeela uste dute, bizi dugun garai honetan: “hainbat mailatako krisi global baten aurrean gaude eta mundu osoko estatuen aparatu errepresibo eta militarrak geroz eta indartsuago aurkitzen dira, eskubide zibil eta politikoen murrizketa agerikoa da, minoria sozialen aurkako erasoak eta ultra eskuinaren gorakada nabaria ikusten ari gara…”.
Ostegunean, irailak 16, hasiko da programazioa: topaketen aurkezpena egingo da lehenik ZAPateneon, eta “Construyendo la autogestión colectiva de la salud” hitzaldia emango dute, ondoren, Javier Encina eta Ainhoa Ezeizak. Arratsalde horretan bertan, gainera, irekita egongo da Gasteizko Gaztetxea eta Lokatz Hi-fi-k pintxada egingo du 20:00etan. Hurrengo hiru egunetan ere programazio oparoa izango da Errekaleorren. Igandean emango diote itxiera: garbiketa, balorazio bilera eta bazkari herrikoia izango dira azken ekintzak.
Harremanak eta izen-ematea
Lotarako lekua egongo da egunero. Kanpaldira, bazkarietara edo graffiti tailerrera etorri nahi izanez gero, izena emateko eskatu dute antolatzaileek, helbide honetara idatzita: topaketak_kontaktua@protonmail.com
Material postuak jartzeko aukera ere egongo da, pertsona zein kolektiboentzako. Kasu horretan ere, emailez abisatzeko eskatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!