Aiaraldeko etorkizunaren aldeko mobilizazio eguna deitu dute ekainaren 2rako
Aiaraldeko eragile sozial, politiko eta sindikalek fronte zabal bat osatu eta ekainaren 2rako mobilizazio eguna deitu dute eskualdean, SOS Aiaraldea lelopean. through Alea.eus
Tubacexeko langileek 100 egun baino gehiago daramatzate jada kaleratzeen aurkako greba mugagabean. Horren eta beste hainbat faktorerengatik, Aiaraldearen egoera sozioekonomikoa kezkagarria da gaur egun; Tubacexeko gatazkaz gain, hainbat enpresa itxi dira, eta kaleratzeak zein lan baldintzen prekarizazioa zabaldu dira.
Horren aurrean, Aiaraldeko fronte “anitz eta zabal” bat osatu dute gehiengo sindikaleko ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek, eskualdeko enpresa batzorde, sektore publikoko langile, ostalari, merkatari, mugimendu feminista, gazte mugimendua eta pentsiodunen mugimenduarekin batera. Amurrio Antzokian aurkeztu dute egitasmoa, igande honetan egindako ekitaldi batean.
“Eskualde honen aldeko apustu argi eta irmoaren konpromiso instituzional ezak eragin du egoera. Etorkizunik gabe geratzen ari gara”, salatu dute manifestuan. Horri guztiari “eskualde gisa erantzuteko” eta “indar erakustaldia” egiteko deia zabaldu dute.
Lanuzteak eta bi manifestazio
Bide horretan, fronte zabalaren hurrengo urratsa eskualde mailako mobilizazio eguna antolatzea izango da. Hurrengo asteazkenean, ekainaren 2an, egun osoan zehar, mobilizazioak izango dira SOS Aiaraldea lelopean:
- 10:00-14:00: lau orduko lanuzteak sektore guztietako enpresetan, saltokietan eta ostalaritzan izan ezik. Izan ere, azken horiek negozioak itxiko dituzte manifestazioen orduetan, eta protesta bisualak egingo dituzte erakusleihoetan.
- 11:00: eguneko lehenengo manifestazioa, Laudioko Herriko Plazatik abiatuta.
- 19:00: bigarren manifestazioa, Amurrioko Herriko Plazatik (Juan de Urrutia Plaza) irtenda.
“Aiaraldea larrialdi egoeran dago; defenda dezagun gure etorkizuna, aldarrikatu dute SOS Aiaraldea manifestuan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!