“Zapalduon Memoria” landuko du Gasteizko Gaztetxeak martxoko jardunaldietan
"Erresistentzia ekintza bat da memoriari eutsi eta bizirik mantentzeko lan egitea". Martxoaren 3tik 29ra izango dira jardunaldiak.
Memoria historikoa landuko du Gasteizko Gaztetxeak martxoaren 3tik 28ra, Gasteizko sarraski ezagunetik 45 urte betetzen diren hilabetean.
Azaldu dutenez, muinoko etxetik metro gutxira irekiko duten eta hautsak harrotu dituen Terrorismoaren Biktimen Memorialaren proiektua “memoria instrumentalizatzeko” beste adibide bat da eta gaztetxeroak ere interpelatuta sentitu dira: “Historiaren inguruko ezagutza mugatua eta horri buruzko hausnarketa falta nabaritu dugu”.
Gaineratu dutenez, “erresistentzia ekintza bat da memoriari eutsi eta bizirik mantentzeko lan egitea. Gertakari eta prozesu historikoak ezagutu beharra dago oraina ulertzeko, kontzientzia sortu eta zabaltzeko, onartzen ez dugun errealitateari aurre egiteko”.
Gaztetxeko kideek osatu duten osasun-protokoloa betetzeko, hitzaldi zein proiekzioetan aforoa mugatua izango da eta, beraz, izena eman beharko da gasteizkogaztetxea.com helbidean.
Egitaraua, egunez-egun
Martxoak 6: 12.00etan Antzara eguna liburuaren aurkezpena egongo da, Harkaitz Cano eta Adur Larrearen eskutik.
Martxoak 10: 18.00etan Monumentuak, hilotzak eta hondakinak. Memoriaren inguruko borrokak XX. eta XXI. mendeetan Euskal Herrian hitzaldia, Josu Santamarinaren eskutik.
Martxoak 13: 17.00etan Memoria e impunidad. La lucha por la memoria en Euskal Herria mahaingurua, Martxelo Alvarez eta Lander Garciarekin.
Martxoak 17: 18.00etan Regino Sorozabal. Musika eta errepresioa guda zibila eta frankismoan hitzaldia eskainiko du Karlos Turrillasek.
Martxoak 20: 12.00etan Euskal langile andreak: lana, bizi estrategiak eta borrokak XX. mendean zehar hitzaldia egongo da Oiane Valeroren eskutik.
Martxoak 21: 17.00etan Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala proiektatuko da, eta ondoren egileekin solasaldia izango da.
Martxoak 24: 18.00etan El proceso que hizo tambalearse al franquismo. Burgos 1970. hitzaldia eskainiko du Amparo Lasherasek.
Martxoak 28: 17.00etan Pasaiako badia dokumentalaren proiekzioa eta sortzaileekin sosaldia.
Bi erakusketa ere egongo dira ikusgai hilabetean zehar:
Martxoaren 6tik aurrera GAL 30 urte eta martxoaren 13tik aurrera Martxoak 3: Grebatik sarraskira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!