“Zertarako kontatu gazteokin?”
Gazte Prekarioen Sarea-k (GPS) larunbateko manifestazio bateratuan parte hartzeko deia egin du.
Etengabe diote gazteokin ezin dela ezertarako kontatu; arduragabe hutsak omen gara. Garai zail hauetan ikuspegi kolektiborik izango ez bagenu bezala. Baina, guk argi dugu zertarako kontatu daitekeen gurekin eta zertarako ez.
Ez kontatu gazteokin hilean 500€gatik saldu gaitezen, 30 urterekin emantzipatzeko, enpresentzat dirua dagoen bitartean gure eskubideak etengabe zapaltzeko, zuen bekadunak izateko edota irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatzen dituzuen bitartean albo batera begiratzeko. Horretarako ez kontatu gurekin.
Zoritxarrez, gurean, okerrena da instituzioak direla horrelako praktikak aurrera eramateko enpresen ezinbesteko konplize. Dagoeneko hasiak baitira gainean dugun krisiaren zama gazte langileon bizkarretan kargatzen. Guztion diruarekin gutxi batzuen mesedetan; guztion diruarekin gehiengoaren, langileon, kaltetan.
Are gehiago, gureak benetako arazoak ez balira bezala egin nahi dute, ezikusiak izan gaitezen. 10 gaztetatik 4 langabezian gauden honetan, non dira gazte langabeziaren gorakadari aurre egiteko neurriak? Eta horri buruzko berriak? Nor da lanik gabe geratzen dena ostalaritza ixterakoan? Eta kirol jarduerak etetean? Kirol jarduerak etetean, bai, Gasteizko udalak onartu berri baitu 1.000.000€-tik gorako murrizketa frontoien eta Olaranbe eta Betoñoko futbol zelaietako zerbitzuetan. Eta nork egiten du lan bertan? Nori kentzen ari dira diru hori? Kudeaketa egiten duen enpresari? Ala gazte langileoi?
Hori gutxi ez eta, instituzioek etengabe gure Herriaren motore izan den industriako enpresa ugariri dirua nahieran ematen diete; inongo bermerik ezarri gabe langileon eskubideak bermatuak izan daitezen. Agerikoa baita industria enpresen gutxitzea eta bertako lan baldintzen prekarizazioa.
Horretarako, trikimailu ugari ditu egungo legediak; baina guztion artean kolpatuenak beti gu izaten jarraituko dugu, gazte langileak: Mercedesen kaleratutako 500 “aldi baterako” langileak baikara, edota “formakuntza” egoera etengabean gauden Novia Salcedok esplotatutakoak, edo kontratazio ezak Aernovatik kanpo utzi dituenak (Duela gutxi 1000 langile izatetik 300 ta piko izatera igaroko dira), SDA factory enpresan baldintza penagarriak jasaten ditugunak (bi konbenio baitituzte aldi berean, zaborra gazteontzat noski; soldataren erdiarekin) etab. Eta adibide horiek guztiek eta askoz gehiagok dirutza jasotzen dute instituziotatik, politikariek argazkia atera dezaten langileria miseriara kondenatzen duten bitartean.
Eta bitartean, badirudi hemen denak berdin jarraitzen duela … iaz udaletxetik ia 897.000€ jaso zituen Escor enpresak Gasteiztik alde egin du, atzean kudeatu beharko zituen hondakin kutsakorrak utzita, udaletxeak 40.000€-tan handitu zuen Gabonetako argiak jartzeko partida “enpresari etekin onargarri bat bermatzeko” (125.000€-tik 165.000€-ra).
Kuriosoa enpresentzat beti dirua prest duenak gazte langileontzat inoiz ez aurkitzea; 40.000€ horiek, adibidez, Kirol Jardueretako langileek udan aldarrikatutakoa baino askoz gehiago baita. Baina, noski, langileona eskubide eta duintasun aldarriak ziren; eta, horiek asetzeko udaletxeak inoiz ez du dirurik. Onartezina da guztion dirua lan baldintza duinak bermatzera bideratu beharrean enpresen etekinetara bideratzea.
Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu sistemak inposaturiko prekarietate, atomizazio eta indibidualismoaren aurrean indarrak batzen hastea; klase elkartasunez gure eskubideak defendatu eta konkistatzeko.
Zentzu horretan, hurrengo larunbatean zita garrantzitsua dugu Gasteizko gazteok. 17:00etan Bilbo plazatik bat eginda kolektiboa den arazoari era kolektiboan erantzungo diogu. Langileon batasunaz enpleguaren defentsan. Beraz, borrokarako bai, borrokarako kontatu gazteokin!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!