34 lagun atxilotu ditu gutxienez Ertzaintzak Gasteizen ikasle grebaren harira
Ikasle Abertzaleen arabera, 34 dira Gasteizen atxilotutakoak. Elkarretaratzea deitu dute atxilotuei babesa adierazteko, arratsaldeko 19:30etan Andra Mari Zuriaren plazan.
Martxoaren 24rako ikasle greba deitu du Ikasle Abertzaleak eragileak Hego Euskal Herrian. Goizean piketeak izan dira Gasteizko Farmazia Fakultatean eta Elurretan ere sartu dira ikasleak. Ertzainek 25 pertsona identifikatu eta bi atxilotu dituzte hasieran. Istiluen aurkako polizia asko bertaratu dira: bost furgoneta, lau auto eta hogei ertzain baino gehiago. Dozenaka lagun gerturatu dira campusera identifikatu eta atxilotuei babesa adieraztera.
Eguerdiko 12:00ak aldera 20 ziren atxilotuak, eta IAk elkarretaratzea deitu du arratsaldeko 19:30etarako Andra Mari Zuriaren plazan, horiei babesa adierazteko. Ondoren beste bi ere atxilo eraman dituzte. Ikasle Abertzaleen sare sozialetan zabaldu dutenez, 34 dira dagoeneko atxilotuak.
12:00etarako aurreikusita zegoen manifestazioa ordu erdi atzeratu dute atxiloketen ondorioz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!