2022ko udaberrian helduko dio berriz lekukoari KORRIKAk
2021ean behar zuen Korrikaren 22. edizioa 2022ra atzeratzea erabaki du AEK-k. "KORRIKAk kalea behar du, bizia, mugimendua" azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.
Agerraldia egin dute gaur goizean Donostiako San Telmo Museoan Korrikako eta AEK-kako arduradunek datorren urtean burutu behar zen Korrikaren 22. edizioaren gainena hartutako erabakien berri emateko.
Pandemiaren bilakaeraren aurrean, eta honen barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin, datorren urteko udaberrian ospatu behar zen Korrikaren edizioa 2022ra atzeratzea erabaki dute.
Antolatzaileak kontziente dira KORRIKAren faltak sortuko duen hutsuneaz baina ahalik eta baldintza onenetan burutu nahi dute euskararen aldeko ekimen erraldoia: “Une honetan, ez dugu KORRIKAren ordezko eskas bat nahi. Izan ere, euskarak bezala, KORRIKAk kalea behar du, bizia, mugimendua”.
KORRIKAk helburu ekonomiko zehatza duela gogorarazi dute, AEKren euskaltegietako lana indartzea. 22. edizioaren atzeratzeak kaltea eragingo dio lan horri, horregatik “inbertsioak areagotzea” aldarrikatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!