Dagoeneko 1.500 lagun batu dira BATERA zaintza sare herritarrera
WhatsApp taldeen bitartez funtzionatuko du Gasteizko zaintza sare herritarrak eta 15 auzo desberdinetan antolatuta dago iada. Bideo bidez ere azaldu dute sarean nola parte hartu.
Larunbatean aurkeztu zuen Gasteizko herritar talde batek BATERA zaintza sarea. Covid-19 birusaren aurrean ezarritako neurri desberdinek babesgabetasun egoeran utzi ditu milaka herritar. Coronavirusaren krisiak sortutako zaintza-beharrak konpontzen laguntzea da sarearen helburua, “erakunde eskudunek konpontzen ez dituzten beharrak“.
Egungo egoerak zerbitzu publikoek konponduko ez dituzten zainketa berezien beharrak sortzen dituela azpimarratu dute. “Gasteizen haur asko zaindu behar dira ikastolak itxita daudenetik, pertsona batzuk ezin dira erosketak egitera atera euren osasunaren hauskortasunagatik, adineko asko bakarrik bizi dira eta ez dute inolako laguntzarik… Egoera horiek errazteko gure laguntza eskaini nahi dugu “, gogorarazi dute saretik.
Sarea osatzen dutenak “egoerari modu kolektiboan erantzun nahi dion Gasteizko jendea” dela azaldu dute eta arlo horretan ezagutza teknikorik ez dutela nabarmendu dute: “Komunitatearen lanak eta elkarren arteko zaintzak bakarrik konpondu ahal izango ditu arazo horiek; elkartasuna ezinbestekoa da“.
15 auzotan antolatzen den zaintza sarea
WhatsApp aplikazioko taldeen bitartez funtzionatuko dutela iragarri dute. Talde hauetara batzeko estekak Twitterren egin dituzte publiko. Orotara 15 dira WhatsApp taldeak eta momentuz 15 auzotan dago antolatuta BATERA sarea. Sareko kideek gogorarazi dute beharrezkoa dela parte-hartzaile bakoitzak bere auzoan izen ematea eta ez hiriburuko betse batean: “Beharrezkoa da arduraz jokatzea, eta herritar guztiek laguntzea erakundea arinagoa izan dadin”.
🌱 ACTUALIZACIÓN 🌱
🤗 La Red de Cuidados Popular #BATERA sigue creciendo y cada vez somos más
👇Os dejamos en este pequeño hilo los distintos grupos de Whatsapp 👇
JUDIMENDI-SANTA LUCIAhttps://t.co/pqdnntac4e
ARANA-ARANBIZKARRAhttps://t.co/tXCvDi1bVF
— Batera zaindu (@BateraZaindu) March 15, 2020
Portalez-portal antolatzeko deia
Saretik gutun eredu bat jartzen ari da hiriko atari desberdinetan portalez-portal antolatzeko deia luzatuz, “antolakuntza eredurik seguruena, eraginkorrena eta gertukoena” dela iritzita, beti ere norberak zabaldutako protokoloan jasotako neurriak betetzera deituz.
Zalantzak argitzeko posta elektroniko bidez sareko kideekin harremanetan jartzeko aukera du Gasteiztar oroko, baterazaindu@gmail.com da helbide elektronikoa. Twitter bidez, aldiz, BATERA sarearen azken berriak eguneratzen joango direla iragarri dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!