Borondateak ezkutatzen dituenak
Osasungintzako hainbat ikaslek osatutako iritzi artikulua, praktikak bertan behera gelditu ondoren topatu duten egoera azaltzen eta hainbat neurri exijituz. Sinatzaile nagusiak: Maria Fuentes Rodriguez, Oihana Barrenechea Arribillaga, Sara Arin Sukia medikuntzako 6. mailako ikasleak eta eta Iker Corres Martin erizaintzako 4. mailako ikaslea
Latzak dira bizi dugun osasun krisia gure inguruan eragiten ari den ondorioak eta oraingoan medikuntzako eta erizaintzako azken urteko kideok bete-betean jo gaitu. Orain dela hilabete, gure graduko azken ikasturte osoa hartzen duten praktikak bertan behera utzi zituzten, koronabirus berriaren kutsakortasuna murrizte aldera. Ondorioz, etxean geratu ginen, ikasturtea nola amaituko genuenaren informaziorik jaso gabe, harik eta martxoaren 15ean Espainiako Gobernuak ikasleen kontratazioak onartzeko aukera adierazi zuten arte.
Matxoaren 27an dekanoaren mezu bat heldu zitzaigun kurtsoa amaitu ahal izateko eta egin gabeko praktiken kredituak baliozkotzeko alternatibaren bat garatuko zutela esanez. Apirilaren 1ean, dekanotzatik berriz ere mezua heldu zitzaigun. Bertan, Apirilak 2ko 14:00etarako konbalidatzeko aukeren artean erabaki behar genuela zioen: “borondatezko” lan kontratu bat edo zehaztu gabeko alternatiba bat.
Lan eskaintzari dagokionez, hilabeteko kontratua izango litzateke, luzatzeko aukerarekin eta gutxieneko soldataren truke (950€ lanaldi osoa egitekotan). Gainerako baldintzak (zer lan egingo dugun, zer ordutegitan, gauean edo asteburuan lan egiteagatik gehigarririk jasoko dugun, zer babes baliabide edukiko ditugun… ) airean geratzen dira, Osakidetzaren borondate onean sinestea beste aukerarik ez dugularik. Aurrekariak ordea ez dira lasai egoteko modukoak. Gasteizko erizaintzako kideak martxoaren 23an hasi ziren call center-etan lan administratiboa egiten. Goiz, arratsalde zein gaueko lanaldietan eta oraindik kontraturik eta soldatarik gabe daude. Badirudi, baldintza kaxkarrenetan lan egiteko aukera luzatu digula EHUk, egungo egoeran lan egiteak suposatzen duen arrisku gehigarria guztiz alboratuz.
Argi geratzen da, pandemiaren aurrean ikasleok gure ekarpena egiteko dugun prestutasuna baliatuz, EHUk miseriazko baldintzak dituen lan eskaintza bat onartzera bultzatu gaituela. Eta hori ez egitekotan, edukiko genukeen beste alternatibarik mahai gainean ez dagoenez, kurtsoa amaitzearen gaineko ziurgabetasuna onartzea beste aukerarik ez genuke. Dirudienez, EHUrentzat ikasleak baino eskulan merkea besterik ez gara.
Honegatik guztiagatik, UIBrekin, Unibertsitateko Indar Batasunarekin, elkarlana abiatu dugu EHUri egoera honen kudeaketa egokitzeko exijentziak luzatuz. Hasteko, ezinbestekoa da lan kontratua aukeratzerako orduan beste alternatiba zehatz bat edukitzea. Bestetik, dekanotzak esan zuen bezala, praktika klinikoak birtualki ordezkatzeko aukerarik ez dagoenez, ikasturtea gainditzeko 6 hilabetez burututako praktiken batez besteko nota eta GRALa soilik kontuan hartzea eskatzen dugu, eta gainera, GRALa eta ECOEa egiteko baldintzak gure oniritziarekin erabakitzea, gure beharretara moldatzen direla ziurtatuz. Konfinamendua maiatza baino lehen amaitzen bada, alternatiba aukeratu duten kideek praktiken ohiko ordutegia jarraitu beharko lukete, galdutako orduak errekuperatzera behartu gabe. Lan eskaintzari dagokionez, ezarri zaizkigun lan baldintzak guztiz zehaztu eta helaraztea exijitzen dugu, bai eta orain arte proposatu zaizkigunak hobetzea, are eta gehiago egungo egoerak duen arrisku gehigarria kontuan izanik.
Larrialdi egoera honen aurrean gure kolaboratzeko nahian berresten gara, baina ezin ditugu onartu inpunitate osoz ezartzen dabiltzan miseriazko lan baldintzak. Osasun krisi batetik haratago doan egoera honetan, lan baldintza gordinetan lanean ari diren kideei elkartasuna adierazi nahi diegu. Miseriaren aurrean beraz, egia mahai-gaineratzea eta antolatzea dagokigu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!