Izan Media tailerrak, urrats sendo bat herri mugimendua ahalduntzeko bidean
Ikasturtero bezala, giro ezinhobean antolatu zituen Hala Bedik Izan Media herri komunikazio tailerrak pasa den larunbatean, urtarrilaren 19an, Oihaneder Euskararen Etxean.
35 bat pertsonak parte hartu zuten aurtengo edizioko tailer ezberdinetan: bideogintzan, kartelgintzan, irratigintzan zein prentsa eta sare sozialetan ahalduntzeko helburuarekin. Bideogintza tailerreko ikasleek beraiek egindako bideo honetan, eguneko irudiak bildu ditugu.
Eta orain zer?
Orain, herri mugimenduetan zein Hala Bedin bertan ikasitakoa praktikara eramateko ordua da tailerretan parte hartu zuten lagunentzat.
Horretarako aukera ederra izan daiteke Hala Bedin parte hartzea eta proiektu honen parte izatea. Tailerrean parte hartu dutenek formakuntza minimo bat jaso zuten larunbatean, baina Oihaneder Euskararen Etxera hurbiltzeko aukera izan ez zenutenok ere parez pare dituzue ateak zabalik, eta beharrezko formakuntza minimoa irratian eskaintzeko prest gaude.
Harremanetan jartzeko: harremanak.halabedi@gmail.com
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!