Bi atxilotu Gasteizen VOXeko militante batzuk erasotzea egotzita
Sansomendi auzoan kanpaina egiten ari ziren bitartean gertatu zen erasoa joan den igandean.
Espainiako Polizia Nazionalak bi pertsona atxilotu zituen astelehenean Gasteizen, ustez Voxeko militante batzuk erasotu zituztelako. Joan den igandean, maiatzaren 21ean, Voxeko militante batzuk informazioa banatzeko mahai bat jarri zuten Sansomendi auzoan. Alderdi ultraeskuindarreko kideek salatu zuten hiru pertsona hurbildu zitzaizkiela, Espainiako bandera bat kendu zietela eta haiek iraindu eta kolpatzen saiatu zirela.
Ekitaldia zaintzen ari ziren kalez jantzitako bi Polizia Nazionalek esku hartu zuten momentuan bertan, eta gertakaria zauriturik gabe amaitu zen. Vox alderdiaren bi hautagai zeuden mahai horretan, Teresa Jimenez, alkategaia eta Jonathan Romero, ahaldun nagusi izateko hautagaia, alderdiko beste militante batzuekin batera.
Astelehenean Polizia Nazionalak bi lagun atxilotu zituen Gasteizen, igandeko ustezko erasoarekin lotuta, eta epailearen esku gelditu ziren asteartean, Poliziak esan duenez. Bilbon ere hiru atxilotu izan ziren astelehenean bertan, maiatzaren 8an Voxeko hautagai batzuk erasotzea leporatuta.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!