Artxibatu egin dute Hala Bediko kazetariari telefonoa kendu zion ertzainaren kontrako kereila
Auzia ixtea erabaki du epaileak Ertzainaren deklarazioa jaso ostean. Hala Bedik aurreratu du helegitea jarriko duela.
Azaroaren 23an kereila bat aurkeztu genuen Hala Bedi irratiak ertzain baten kontra, Talka espazio feministaren desalojoa grabatzen ari zen kazetari baten lana oztopatzeagatik. Arabako Justizia Auzitegiak auzia artxibatzea ebatzi du, lehen ikerketa fasean ertzainaren deklarazioa soilik jaso ostean, ulertuta ertzainaren adierazpenetan frogatutzat ematen dela bere errugabetasuna.
Hala Bedin ez gaude ados epailearen ebazpenarekin, eta helegitea jarriko dugu, ez delako aintzat hartu froga gisa aurkeztutako bideoa eta ez direlako burutu kereilan eskatu genituen lekukotza frogak. Ikerketa “ez da serioa” izan, oso desorekatua izan da eta ez du auzia argitu, poliziaren bertsioa ontzat ematera mugatu da.
Ohikoa da poliziaren bertsioak gainerakoenak baino pisu gehiago izatea, baina ez litzateke hala izan beharko auzipetutako pertsona ertzaina bera denean. Horregatik, ikerketak aurrera jarraitu dezan eskatuko dugu, modu orekatuagoan argitu dadin auzia.
Talkako bigarren desalojoa
Maiatzaren 8an ertzain batek telefonoa kendu eta 300.000 euroko isun batekin mehatxatu zuen Hala Bediko kazetari bat TALKA espazio feministaren desalojoaren berri ematen ari zela.
Ertzainak ekintza poliziala grabatu ezin zuela ohartarazi zion kazetariari, “pertsona fisiko bat” zela argudiatuta eta “Datuen Babeserako 2018ko maiatzaren 25eko Errege Dekretuak” hala agintzen zuela esanez. Eztabaidan zirela, poliziak, mehatxu artean, telefonoa ematera derrigortu zuen Hala Bediko kidea.
Telefonoa kentzea gehiegikeria poliziala izateaz gain, agentearen argudio eta mehatxuek ez zuten inolako oinarri juridikorik. Kontrara, herritar orok, kazetaria izan edo ez, eskubidea dauka polizia grabatzeko, jardunean ari diren funtzionario publikoak baitira, eta herritarren informaziorako eskubideak bermatzen du poliziaren ekinbidea dokumentatu ahal izatea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!