[ARGAZKI GALERIA] Indarkeria matxistarik gabeko bizitza aldarrikatu dute Gasteizen azaroaren 25ean
Manifestazio jendetsua egin zuten atzo Gasteizen Mugimendu Feministak deituta, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eta autodefentsa feminista antolatua aldarrikatu zituzten.
Azaroaren 25 honetara«minduta, nazkatuta eta amorruak ematen duen indarrarekin» iritsi dela aitortu zuen atzo Mugimendu Feministak, «biolentzia izugarria» izan baita azken urtean. Bost emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta hamaika izan dira LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoak zein genero identitateagatik ematen diren bazterketak.
Indarkeria matxistarik gabeko bizitza bermatzeko eragile sozial, politiko eta instituzional guztien konpromisoa exijitzen dutela gogorarazi zuten; eta, horretarako, oinarrizkotzat dute erakunde publikoek «politika feministak» eta «prebentzioan sakontzeko baliabide pedagogikoak» lantzeko «neurri eraginkorrak» hartzea.
Beharrezkotzat dutela aldarrikatu zuten, halaber, «autodefentsa feminista antolatu baten aldeko aldarria berhartzea», indarkeriari «modu indibidual eta kolektiboan aurre egiteko». Zentzu horretan, «kaleak hartzeko» eta «boteretze kolektiboaren aldeko» hautua egin dute.
Gauzak horrela, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! Autodefentsa feminista antolatu dezagun! lelopean egin zituzten azaroaren 25eko manifestazioak. Hiriburuetakoez gain, Arabako herrietan ere izan ziren deialdiak. Mobilizazio nagusia Gasteizen izan zen. 19:00etan abiatu zen Iparralde gizarte etxetik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!