Araba Bizirikek makroproiektuen aurkako manifestazioa deitu du urriaren 26an
“Araba ez dago salgai” eta “Makroproiekturik ez” lelopean egin dute deialdia. Urriaren 26an elkartuko dira 18:00etan “etekin pribatuak bermatzera” bideratuta dagoen eredu energetikoa eta “instituzioek jokatzen duten papera” salatzeko.
Araba Bizirikek manifestazioa deitzeko beharra ikusi du “Arabako lurraldea mehatxatzen duten makroproiektuen aurka” daudela adierazteko. Makroproiektu suntsitzaile bakoitzeko, hauei erantzuna emateko, eta lurra defendatzeko prest dagoen mugimendu herritar bat jaio dela diote.
Mugimendu hauetatik 16 bildu dira proiektuen aurkako alegazioak Eusko Jaurlaritzan aurkezteko: Aiaraldeako Mendiak Bizirik, Horrela Ez Valles Alaveses, Horrela Ez Argantzun, Horrela Ez Kuartango, Horrela Ez Gasteiz, Lautadako AHTrik ez, UAGA, Zigoitia bai, Zuia Bidean, Urkabustaiz Babestuz, Dikerik ez, Bionekazaritza, ATACA, Arabako Mendiak Aske, Araba Bizirik, AHTrik ez, eta Valles Alaveses, besteak beste. Alegazio hauek, aurretik etorri diren beste hainbati gehituko dira, guztira 50.000 alegazio izanik.
“Trantsizio energetikoz” mozorroturik, Jaurlaritzak eta Arabako Foru aldundiak herritarrak eta Arabako lurrak alde batera utzi eta enpresarien eskua estutu dutela salatu du Araba Bizirik-ek. “Diruaren morroi” direla argi utzi dutela azpimarratu dute, agintarientzat “Araba merkatua besterik ez” dela esanez.
Biodibertsitatearen suntsiketaz gain, “landa-bizitzaren aldeko apustua egin duten eta landa-garapen iraunkorreko proiektuak aurrera ateratzen ari diren pertsonak lurraldetik kanporatuak izateko arriskuan” direla ere seinalatu dute. Hainbat herritar behartuak izaten ari bai dira “etxea, herria eta lurra uztera”.
Hurrengo urriaren 26ko manifestazioarekin bat egiteko gonbita luzatu diote “Araba maite” duen eta hura defenditzeko prest dagoen pertsona orori, “erokeria hau” salatzeko. Bertan “enpresa handiei mugak jartzea” eta lurraldearen defentsan “Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren inplikazio irmoa “ exijituko dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!