Alokabideren etxegabetzeak salatu ditu Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Apiriletik hona, zortzi familiak jo dute Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren etxebizitza-aholkularitzara, Alokabidek hasitako etxegabetze-prozesuei aurre egin behar dietelako. Familia bakoitzaren egoera desberdina da: lau jada etxegabetuak izan dira, eta beste laurak kaleratze-data noiz iritsiko zain daude. Guztiak zaurgarritasun egoeran dauden familiak dira, eta Alokabideren prozedura opakoei egin behar diete aurre.
Azken hilabeteotan Alokabidek etxegabetu dituen zenbait familia eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak elkartu ziren atzo, Alokabideren “etxebizitza sozialetan” bizi diren milaka pertsonak bizi duten egoera salatzeko.
Agerraldian, Alokabidek “bai, etxegabetzen duela” adierazi dute. Etxebizitzako sailburu Denis Itxasok dio EAEko etxegabetzeak “ia desagertu egin direla” eta Alokabidek “oso salbuespenezko kasuetan baino ez duela jendea etxegabetzen”. Baina, azaldu dutenez, Alokabidek berak emandako datuek gezurtatzen dituzte sailburuaren adierazpenak. Aitzitik, Alokabidek gauzatzen dituen etxegabetzeak “oso salbuespenezko kasuak” izatetik urrun daude.
Alokabidek berak emandako datuen arabera, Araban 2023an 18 kaleratze gauzatu zituen; 2024an 34 eskaera aurkeztu eta 24 kaleratze gauzatu zituen; eta 2025ean 41 eskaera aurkeztu eta 20 etxegabetze gauzatu zituen. Horrek esan nahi du lurraldean hilero ia lau familia etxegabetu zituela batez beste.
Halaber, gogorarazi dute 2025ean Alokabidek ez zuela Araban etxebizitza sozialen kontratuen %25 berritu; ondorioz, kaltetutako lau familietatik batek etxebizitza utzi behar izan zuen.
Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi du datu horiek etxegabetzeen moratoria indarrean egon zen garaikoak direla, hau da, zaurgarritasun egoeran zeuden zenbait familiaren prozedurak etenda zeudenean. Sindikatuaren arabera, moratoria amaitu ondoren kaleratzeen kopurua nabarmen handitzea aurreikus daiteke, eta joera hori dagoeneko antzematen ari dira etxebizitza aholkularitzetara jotzen duten familien kopurua handitu delako.
Agerraldiaren bigarren zatian, Sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza politikak errenta ertainak dituzten sektoreak lehenesten dituela, sektorerik proletarizatuenei zuzendutako baliabideak murrizten dituen bitartean. Azaldu dutenez, errenta handiagoko familientzat etxebizitza publikoen ehuneko handiagoa gordetzea eta, aldi berean, egoera zaurgarrienean dauden pertsonen aurkako etxegabetze prozedurak ugaritzea norabide bereko neurriak dira. Horren harira galdetu dute: “Noiz normalizatu dugu politikariek publikoki eta lotsarik gabe aitortzea beren politikek klase ertainei baino ez dietela mesede egiten?”
Bozeramaileek Denis Itxasok Alokabidek sustatutako etxegabetzeei buruz egindako adierazpenak ere kritikatu dituzte. Izan ere, duela hilabete batzuk sare sozialen bidez adierazi zuen Alokabidek etxegabetzen dituen kasuak “muturrekoak” direla eta beti direla “beren jarreren ondorioz etxebizitza sozial bat merezi izateari uzten dioten pertsonak”.
Irakurritako testuan azaldu dutenez, adierazpen horiek pertsona pobreenak kriminalizatzeko kanpaina zabalago baten barruan kokatzen dira. Haien ustez, erakundeek eta komunikabideen babesarekin, pertsona pobreenak beren egoeraren erruduntzat jotzen dituen diskurtsoa indartzen ari dira. Horrela, kontakizun bat eraikitzen dela azaldu dute: pertsona batzuek etxegabetuak izatea merezi dutela, beren pobreziaren errudun direlako. Ideia horiek “faltsu eta klasistatzat” jo dituzte Sindikatuko kideek.
Zenbaki hutsetatik haratago, pertsona horien egoerak ezagutzeko garrantzia azpimarratu dute prentsa aurrekoan. Errealitate hori azaltzeko, Sindikatuak gogorarazi du apiriletik hona zortzi familia joan direla bere aholkularitzara Alokabidek hasitako etxegabetze-prozesuak direla eta. Emandako datuen arabera, familia horietatik zazpik adingabeak dituzte ardurapean, lau ama bakarrak dira eta batzuek genero-indarkeria pairatu dute.
Sindikatuaren esanetan, hori da Alokabideren etxegabetze-prozeduren eraginpean dauden pertsona askoren benetako profila, eta gaitzetsi egin dute pertsona horiek beren egoeraren erantzule balira bezala estigmatizatzea.
Amaitzeko, erakundeak defendatu du etxebizitza-politika publikoek lehentasuna eman behar diotela egoera ekonomiko eta sozial okerrenean dauden pertsonak babesteari. Horregatik, etxegabetze guztiak baldintzarik gabe etetea aldarrikatu dute, eta Alokabideri martxan dauden etxegabetze-prozedura guztiak berehala geldiarazteko eskatu diote.
Apiriletik hona, zortzi familiak jo dute Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren aholkularitzara, Alokabidek hasitako etxegabetze-prozesuei aurre egin behar dietelako. Zortzi familia horietatik zazpik adingabeak dituzte ardurapean; lau ama bakarrak dira eta kalean geratu dira; eta, gainera, horietako hiruk genero-indarkeria pairatu dute. Hauxe da Alokabidek etxebizitza sozialetatik kanporatzen dituen pertsonen errealitatea:
- N., bere ama, 12 urteko anaia eta 2 urteko alabarekin batera etxegabetu zuten. Ez zitzaien bizitoki-alternatibarik eskaini.
- 35 urte inguruko bikote bat da, lau alabarekin; horietatik bi adingabeak dira. Zaurgarritasun-egoeran egon arren, Alokabidek ez die kontratua berritu nahi, arrazoirik eman gabe. Gaur egun etxebizitza uzteko agindua dute eta ez dute bestelako bizitoki-alternatibarik.
- Bi alaba adingaberen ama da. Zor baten ondorioz etxegabetu zuen Alokabidek. Genero-indarkeria pairatu ondoren egoera oso zailean zegoen. Zorra zatika ordaintzea proposatu zuen, une hartan horretarako aukera baitzuen, baina Alokabidek ez zion erantzun ere egin. Etxegabetu ondoren, lagun baten etxean hartu behar izan zuen ostatu.
- 10 eta 12 urteko bi adingaberen ama da. Zor bat dela eta etxegabetu nahi dute. Kontratua amaitu aurretik zorra kitatzeko prest dago, eta horretarako laguntza ere badu, baina Alokabidek irtenbide hori baztertu du.
- %33tik gorako desgaitasuna duten 67 eta 72 urteko bikote bat da. Zor baten ondorioz etxegabetuak izan ziren. Etxebizitza berean bizi ziren haien semea eta haren hiru seme-alaba adingabeak ere. Familia horren zati hori hilabete batzuk lehenago Alokabideren beste etxebizitza batetik ere etxegabetua izan zen. Gaur egun furgoneta batean bizi dira, gizarte-zerbitzuek aldi baterako eskaini zieten alternatiba bakarra adinekoentzako egoitza izan ondoren.
- Adingabeko seme baten ama da, eta zor baten ondorioz etxegabetu nahi dute. Genero-indarkeriaren biktima da; bere garaian erasotzailea etxebizitzan sartzen saiatu zen atea apurtuta. Zorra ordaintzeko prest dago.
- Bere kontratua 2026ko apirilean amaitu zen. 2025aren amaieran gutun bat jaso zuen, baldintzak betetzen ez zituela eta kontratua ez ziotela berrituko jakinaraziz, baina ez zioten azaldu zein baldintza urratu zuen. Azalpenak eskatu arren, ez du inolako erantzunik jaso. Jasotako erantzun bakarra etxebizitzaren giltzak entregatzeko eskatzen zion posta elektroniko bat izan da.
- 50 urte inguruko bikote bat da, hiru alaba adingaberekin. Kontratua 2025eko urrian amaitu zitzaien. Hasiera batean kontratu berria sinatzea proposatu zieten. Hala ere, 2025eko ekainean gutun bat jaso zuten, baldintzak betetzen ez zituztela eta kontratua ez zitzaiela berrituko jakinaraziz, baina ez zitzaien zehaztu zein baldintza urratu zuten. Prozedura judiziala martxoan hasi zen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
