Uhintifada: Jaldia Abubakra: «Palestinatik urteak daramatzagu salatzen bertan erabiltzen diren zaintza masiborako teknologiak gero mundu osora esportatzen direla; Pegasus programa, kasu; eta horren aurkako erreakzioa ez dela behar bestekoa»
Uhintifada 430. Aste honetako atalean Jaldia Abubakra ekintzaile gazatarra eta espainiar estatuko diaspora palestinarreko kidea izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Abubakra, gainera, Masar Badil (Palestinako Ibilbide Iraultzaile Alternatiboa) ekimeneko kidea da, eta bere jardunean Palestinako eta Palestinarekiko nazioarteko elkartasun mugimenduaren gaurkotasunaren analisia egin digu.
Aste honetako atalean Jaldia Abubakra ekintzaile gazatarra eta espainiar estatuko diaspora palestinarreko kidea izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Abubakra, gainera, Masar Badil (Palestinako Ibilbide Iraultzaile Alternatiboa) ekimeneko kidea da, eta bere jardunean Palestinako eta Palestinarekiko nazioarteko elkartasun mugimenduaren gaurkotasunaren analisia egin digu. Positibotzat jo du Frantziako epaitegiek eten egin dutela Palestine Vaincra (Palestinak Irabazi) erakunde solidarioaren aurkako salaketa. Taldea Frantziako Barne Ministerioaren ilegalizazioaren jomugan zegoen. Halaber, ospatu du Olivia Feimour ekintzale frantziarraren aurkako salaketa bertan behera geratu izana. Feimourri Teva farmakogintza enpresaren aurkako boikot kanpainan parte hartu izana leporatzen zioten. Bestalde, Kanadako Khaled Barakat ekintzailearen aurkako jazarpen kanpainia ere salatu du, eta afera hauek guztiak komuneko estrategia baten baitan bildu ditu. Haren esanetan, Israelek mundu osoan zabaltzen ditu bere garroak Palestinarekiko elkartasun mugimenduaren jarduna baldintzatzeko, eta giza eskubideen aurka burutzen dituen urraketen gaineko arreta desbideratzeko. Gauzak horrela, ohartarazi du zaintza eta kontrol masiborako teknologiak, besteak beste Pegasus programa, Palestinako herritarrekin esperimentatu direla lehenago, eta gerora mundu osora esportatu direla, eta faltan sumatzen du Israelen aurkako behar besteko nazioarteko erreakzio bat. Azaldu digu, bestetik, zertan diren gaur egun Palestinan erabiltzen ari diren kontrolerako eta jazarpenerako teknika eta tresnak, izan ere, hemendik urte gutxitara geuk ere pairatuko ditugu. Salatu du, halaber, Israelek araudi berria jarri duela indarrean Zisjordaniako eremuetara nazioarteko bisitarien eta diasporako palestinarren sarrera areago murrizteko, eta araudi horrek bazterkeria eta apartheid politikak areagotu egiten dituela. Azkenik, bukatu du bere jarduna Nakbaren urteurrena gogora ekarriz, izan ere, datorren igandean 74 urte beteko dira mugimendu sionistak Israelgo estatua alde bakarrez aldarrikatu eta herri palestinarraren aurkako garbiketa etniko kanpainia abian jarri zuela.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!