Erraietatik: ERRAIETATIK vol. I | Arauak hautsi, erraiei jarraitu
Irratsaio berri bat hasi da Hala Bedi irratian: ERRAIETATIK, iraultza eta (kontra)kulturaren oihu bat Hala Bedi irratiko uhin askeetan. Astelehenero, 23.00etatik aurrera, Hala Bedi Bat-en (107.4 FM / www.halabedi.eus) ibilbide bat egingo dugu mugimendu iraultzaileen historian, literaturan, zinean, musikan, artean eta kulturan zehar.
Lehen ataleko ibilbidea patriarkatuaren eta heteroarauaren kontrako iraultza ezberdinekin hasi dugu: izan ere, Pikara Magazineko June Fernández kazetariarekin izan dugu elkarriketa nagusia, kaleratu berri duen ’10 ingobernables’ liburuaren inguruan.
Honen ostean, borroka feministaren eta LGTBQ borroken historiara hurbiltzeko, hainbat pelikula gomendatu ditugu: ‘Sufragistas’ (Sarah Gavron, 2015), ‘Stonewall’ (Nigel Finch, 1995), ‘Pride’ (Matthew Warchus, 2014) eta ‘Arrakala. Zirrikitu bat haitzean’ (Topatu & Bilgune Feminista, 2014).
Eta amaitzeko, gaia aldatuz, XX. mende hasierako jendarte tradizionaletik kanpoko ‘gaizkileen’, arloteen eta anarkisten historia bat ezagutzeko aukera izango dugu, La Felguera argitaletxeak kaleratu berri duen ‘Fuera de la Ley’ liburuarekin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!