Koronabirusari jarritako bertsoak
Neurria: Hamarreko handia Doinua: “mutil koxkor bat itsu aurreko”
“Dinosauroak jarraitzen zuen
hor bera esnatu zenean”
ipuin zoragarri hau omen da
motzena denen artean;
Augusto Monterrosok idatzi
zuen pasa den mendean,
mila bederatziehun eta
berrogeita hemeretzian,
eta nik orain berpiztu nahi dut
itxialdiaren ostean.
Koronabirus jartzen badugu
dinosauroren tokian,
ipuina errepika dezakegu
antzekotasun handian:
Konfinamendu-amesgaiztotik
ni esnatu nintzenian
koronabirus ere hor zegoen
edozein gizakirengan,
elkarren etsai bihurtu gara
errealitate berrian.
Denok dakigu birus honekin
bizi beharko dugula,
historian zehar beti izan da
antzekoa joko-taula.
Normaltasun berrian sartzean
alda daigun pelikula,
pandemia eragin duten zioak
buelta ez daitezen sekula,
borrokari jarraitu beharko
ez dago beste formula.
Desberdintasun, prekarietate,
patriarkatuaren aurka;
pribatizazio, kontsumismoa
bazter ditzagun mailuka;
naturaren esplotazio eta
militarizazio uka,
bestearekiko beldurra ere
apur dezagun musuka,
eta mundu berri baten alde
egin dezagun oihuka.
Krisi honetatik zerbait ikasi
badugu hau da nire ustez:
hurrengo krisialdietarako
prest egon behar nahitaez.
Horretarako elkartasuna
landu behar derrigorrez,
sare komunitarioak eraiki
elkar laguntzeko adorez;
modu honetan indartsuago
bihurtuko gara izatez.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!