Calvoren heriotzaren lekukoa: “Gauzak argitu gabe geratu ziren”
Calvo Ertzaintzaren Arkauteko komisarian hil zuten gauean beste atxilotu bat zegoen kalabozoetako ziegetan: M.U.M, kontrabando delitua egotzita preso zuten gizonezkoa. Calvo hil eta bost ordura egin zuen deklarazioan ertzainen bertsioa berretsi zuen oro har, eta hurrengo egunean utzi zuten libre. Urte eta erdi beranduago, ordea, epaiketan, bere abokatuak adierazi zuen M.U-k Calvo ikusi zuela “txerritxo baten gisan lotuta” eta ertzainek “errukirik gabe kolpatu zutela borrekin”. Gertaeretatik 30 urtera ARGIA lekukoarekin harremanetan jarri da. Ez du azaldu nahi izan gau hartan ikusi zuena, baina adierazi du “gauzak argitu gabe” geratu zirela.