Uhintifada 443. Iragan urriaren 4an Espainiako Diputatuen Kongresuan antisionismoa antisemitismoarekin parekatzen duen Lege Proposamena aurkeztu zen. Aurrera aterako balitz, legeak antisemitismotzat hartuko lituzke Israelgo politika genoziden aurkako edozein kritika edo apartheid erregimenaren aurkako edozein boikot dei. Proposamena gauzatuko balitz, Palestinarekiko elkartasun mugimendua kriminalizatzeko oinarriak ezarriko lituzke espainiar estatuan. Lege ekimen hori aurkeztu izanaren harira, azaroaren 15ean judu antisionisten zenbait erakundetako ordezkariek hitzaldi batean parte hartu zuten Kongresuan bertan, lege egitasmo hori motibatu duen aurreiritzi faltsua desmuntatzeko. Hizlarien artean gure aste honetako solaskideak ere hartu zuen parte: Liliana Cordova Kaczerginskik. Cordova Bigarren Mundu Gerran Lituaniako okuazio nazitik bizirik atera zen familia judu baten baitan sortu zen, eta gaur egun Judu Antisionisten Nazioarteko Sareko (IJAN) militantea da.