Uhintifada : Salah Jamal: «Bartzelonako Udalaren adierazpenetik [Israelekiko harreman instituzionalak etetekoa] ordu gutxitara Kataluniako prentsako hedabideek, oro har, ekimena salatu egin dute, erantzuteko eskubiderik eman gabe; sare soziala, aldiz, Palestinako giza eskubideen alde dago»
Iragan otsailaren 8an Bartzelonako Udalak, agerraldi publiko batean eta Ada Colau alkatearen hitzetan, adierazi zuen Israelekiko harreman instituzionalak bertan behera utziko dituela, eta hiriak Tel Avivekin duela 25 urtetik gora duen senidetze akordioa ere etengo duela. Adierazpen instituzionala “Barcelona amb l’Apartheid NO, Barcelona amb els Drets Humans SÍ” izeneko herri kanpainiak bultzatu du. Kanpainia hori Kataluniako gizarte zibileko hamarnaka erakundek osatzen dute. Oihartzun historiko eta sinboliko handiko gertaera hau aztertzeko, Salah Jamal izan dugu solakide, ekimenaren bultzatzaileetako bat. Salah Jamal Zisjordaniako Nablus hirian sortutako idazle palestinarra da. Duela 50 urtetik gora bizi da Bartzelonan, bertan atera du medikuntzako doktoretza, eta bertan egin ditu geografia eta historiako ikasketak, Bartzelonako Unibertsitatean. Gaur egun unibertsitate horrexetako irakaslea da.