Pussy Matic, rock musikaren munduan emakumearen papera aldarrikatzeko jaialdia
“Emakumezkoen papera gutxietsia ikustearekin zeharo nazkatuta” ekin zioten aurreko urtean Pussy Matic festibala antolatzeari. Larunbat honetan jaialdia egingo dute Gasteizen, bertako artista ezberdinen parte hartzearekin.
Pussy Matic jaialdia 2017.urtean jaio zen, helburu argi batekin: rock and rollaren munduan emakumearen papera aldarrikatzea. Arrazoia, berriz, “emakumezkoen papera gutxietsia ikustearekin zeharo nazkatuta gaudelako”. Antolatzaileek, argi dute: “Jai aldarrikatzaile feminista dugu hau”.
Jaialdi hau egiteko ideia Azkena Rock festibalaren baitan sortu zen, “emakumezkoen presentziaren falta izugarria nabaritu genuelako”. Iratxe Goikoetxeak, jaialdiko sustatzaileetako batek, Asturiaseko lagun batekin batera, forma eman zion gutxinaka-gutxinaka jaialdiari. Urtebeteren ostean, ez dago aurrekonturik: inork ez du ezer kobratzen, artista guztiak konpromisoagatik aritzen dira. Are gehiago, lokalean lan egiten dutenek ere ez dute deus ere kobratzen jaialdian.
Larunbatean, jaialdia
Urriaren 27an, larunbatean, jaialdia egingo dute Gasteizen kokatuta dagoen La Perdición motorzaleen lokalean. Biniloak, rock and rolla, frat, soul, rockabillya, nothern soul, garajea eta hainbat erritmu basati entzungai egongo dira 20:30ean hasiko den bigarren edizio honetan.
Zuzenean, bi talde nagusi: The Brew Grass Society eta I Think Soul . Ostean, DJak: Swinging Mammy-O (Hala Bedin 14 urtez aritu zen Happy Hour irratsaioan), Miss Grumpy, Mindre Folklore, Dorleta Rata Jones, Chulina Diablo eta Maddame Medusa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!