Preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko dinamikari amaiera emango dio Ireki-k larunbatean Gasteizen
Hilabeteetako lanaren ostean, Ireki dinamikak amaiera emango dio bere ibilbideari larunbat honetan Gasteizen antolatutako manifestazio nazional batekin. Fabrika, ikastola edo ospitaleetako lana ez da amaituko, lan eremuan ere preso eta iheslarien etxeratzea lantzen jarraituko dute, baina beste formatu eta izen batekin.
Urrian hasi zen martxan Ireki. Sindikatuen sigletatik haratago, langileen artean euskal preso eta iheslarien etxeratzea mahai gainean jartzea izan da haien helburua. Ikasturtea amaitzera doan honetan, dinamikak ere azken txanpari egingo dio aurre hurrengo egunetan: larunbatean amaituko du Irekik bere bidea, Gasteizen. Hilabete guzti hauetan zehar, elkarretaratzeak, zutabeak, ekimen ezberdinak eta lantegiz lantegiko lana egin du, sinadurak biltzeaz gain, lankide ezberdinen artean egoera azalduz.
Dinamikaren helburu nagusietako bat sinadurak biltzea izan da, langileen artean eta aurrez aurre, online sinadurak ekidituz. Horretarako, gainera, Korrika amaiera jaia, Gazte Akelarrea edo beste ekimen jendetsu batzuk baliatu dituzte lortu nahi dituzten 15.000 sinadurak eskuratzeko. Eneko Yurramendik ARABA HIZPIDEn azaldu duenez -elkarrizketa beherago entzungai-, larunbateko manifestazioaren amaieran emango dute sinaduren kopuruaren berri. Gainera, preso eta iheslariak etxeratzeko borroka lan esparru ezberdinetan mantenduko dutela baieztatu dute, baina beste ordezkari batzuek hartuko dute lekukoa: larunbatetik aurrera emango duten honen berri ere bai.
Manifestazio nagusia Gasteizko Postas kaletik 12:30etan abiatuko den arren, ez da eguneko zita bakarra izango. 11:00etan, bi zutabe abiatuko dira langileen bi eremu ezberdinetatik: Otazu eta Arangiz, azken mobilizazioarekin bat egiteko. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik langile ugari hurbilduko dira Gasteizera; horretarako, autobusak antolatu dituzte, batez ere hiriburuetatik.
-
Hizpidea: Preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko dinamikari amaiera emango dio Ireki-k larunbatean Gasteizen??:??:??
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!