Gasteizko auzo-elkarteak auzo anitzen alde
Elkarteek ohartarazi dute sektore politikoak manifestazioak erabiltzen ari direla auzoan «tentsioa sortzeko».
Gasteizko hamar elkartek, hiriko auzo-elkarte nagusiak barne, komunikatua igorri dute protesta horiekin inolako loturarik ez dutela adierazteko. Dokumentuan, elkarteek ohartarazi dute sektore politiko jakin batzuk manifestazioak erabiltzen ari direla auzoan «tentsioa sortzeko». Nabarmendu dute, gainera, segurtasun-gabeziaren arazoak politika sozialen eta zonaldearen biziberritze faltaren ondorio direla.
Elkarteek, gainera, nabarmendu dute 200 lokal huts baino gehiago daudela auzoan, merkataritza-guneen eta merkataritza elektronikoaren gorakadaren ondorioz izandako galeraren isla. Horregatik, gune horiek suspertzeko politikak bultzatzeko eskatu diete Udalari eta beste erakunde batzuei.
Protesten antolatzaileek mobilizazioa apartidista dela dioten arren, lehenengo deialdietako batzuk ultraeskuinarekin lotutako taldeek bultzatu dituztela susmatzen dute. Horrek are konplexuago egiten du egoera, eta kezka sortzen du mobilizazioaren ondorioz auzo barruan liskarrak sortu daitezkeelako.
Gaineratu dute erakundeak ez direla inolako gizarte-politika eraginkorrik ezartzen ari, alternatiba bideragarria emateko etxerik gabeko edo gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei.
Auzo-elkarteen ustez, Udaleko gizarte-zerbitzuek lokaletara joan behar dute egoiliarrei alternatiba bat eskainiz, pertsona bakoitzaren problematika jorratuz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!