15 urte bete ditu Auzolana pilotalekuak
Txapa ahotsa, frontoiko asanbladak, ospakizuna antolatu du XV. urteurrena ospatzeko, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. “Hamabost urte txapa ematen.”
“100 urte, bakarrik ezin da” dinamikaren barruan, eta Zaharraz Harro jaien aterkipean, Auzolana pilotalekuaren XV. urteurrena ospatuko da gaur. Hamabost urte igaro dira auzoari zabaldu ziotenetik abandonatuta zegoen frontoia, eta hori ospatzeko gaur 18:00etan auzolana eta mural margoketa antolatu dituzte bertan. Hala Bedi irratian zuzeneko emisioa egingo dugu auzolanarekin batera. Ondoren, 20:00etatik aurrera pikoteoa izango da pilotalekuan, eta Udda eta Amaiow-en kontzertuez gozatzeko aukera izango da.
2008ko uztailean jaio zen Auzolana pilotalekua, hilabeteetako prozesu baten ondoren. Auzoan elkar-topaketarako espazio publikoen beharra zutenez, eta pilotalekua utzikeriagatik urteak itxita zeramatzala jakitun, Alde Zaharreko hainbat kolektibo eta pertsona elkartu egin ziren (Eskolako Gurasoen Elkartea, Gaztetxea, Gao Lacho Drom Elkartea, Egin Ayllu…). Auzolanean birgaitze lanak egin, informazioa zabaldu, eta okupatutako frontoia auzorako eta hirirako berreskuratu zuten orduan.
Okupatutako frontoiak 15 urte bete ditu, esan bezala, autogestioa oinarri, beti auzoari eta herri mugimenduari zabalik. Era berean, auzoak eta herri mugimenduak berea egin dute Auzolana, erabilera ezberdinek etengabe erakutsi duten moduan: bazkariak, txapelketak, ekitaldiak…
Eta obrak. Izenak dioen bezala, auzolanean eta auzo guztiari irekita egokitu dute frontoia etengabe, margotuz, zituen “zauriak” zainduz eta gune ezberdinak etengabe egokituz. Prozesu guztian zehar, auzoko eragile eta norbanako ezberdinek erabaili dute hau etengabe, Goianeko umeetatik hasita astero pala partidua jokatzera hurbildu direnera arte. Oraindik ere, urtean zehar asanblada ezberdinak antolatzen ditu Txapa Ahotsa asanbladak, eta bertan banatzen dira frontoia erabiltzeko ordutegiak, dohainik eta denen parte-hartzea bermatuz.
Desalojo mehatxua 2016an
Desalojo eta eraisketa mehatxu handiena 2016ko uztailaren 15ean jaso zuten, udal-gobernuak Gasteiz Antzokia Auzolana pilotalekuak hartzen duen espazioan eraikitzeko asmoa zuela jakin zutenean. Pilotalekua eraitsiko behar zuten horretarako. Komunikabideen bitartez jaso zuten mehatxuari urgentziazko erantzun bat eman zioten orduan, argazki masibo batekin erantzunez, eragile ezberdinen espresioekin.
Asanbladako kideek hasieratik adierazi zuten ez ziotela “ez hankarik ez bururik ikusten proiektu berri bat eraikitzeari jada martxan dagoen beste baten kaltetan, eta bi proiektuentzako espazio nahikoa bazela hirian”. Haien “betiko lanean, egiteko moduetan eta kokalekuan jarraitzeko asmoa” agertu zuten. Urteak igarota, frontoia eraisteko mehatxua ez da guztiz desagertu, baina ez dago egoera larrian.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!