Gasteizko auzo elkarteek ere Osakidetzaren aldeko larunbateko manifestazioa babestuko dute
Gasteizko hainbat auzo elkartek jakinarazi dute apirilaren 22an Osasun Publikoaren Aldeko plataformak deitutako manifestazioa babestuko dutela, baita maiatzaren 18 eta 19rako Osakidetzan sindikatuek deitu dituzten grebak ere.
San Martingo EAG ixtea, Santiago Ospitaleko larrialdiak ixtea, Txagorritxuko AUOn zerbitzuak zentralizatzea Santiago Ospitalearen kaltetan, bi ospitaleen existentzia bera arriskuan jartzea. Horixe da Gasteizen gertatzen ari dena. “Horrek guztiak bultzatzen gaitu egiten ari diren borroketan laguntzera”, adierazi dute Judimendikoak, Gasteiz Txiki, Hegoaldekoak, Uribe Nogales, Erreka Txiki, Zazpigarren Alaba, Betiko Gasteiz Errota Zaharra, Bizi Lakua eta Salburua-Burdinbide auzo elkarteek eta Babestu Araba elkarteak.
Bestalde, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburua eta Arabako ESIko zuzendaritza seinalatu dituzte “zerbitzuak murrizteko erabakiak hartzen dituztelako gizarte-taldeak eta sindikatuak kontuan hartu gabe”, eta Gasteizko biztanleen osasunaren aurkako politikak gelditzeko eskatu diete.
Beharrezkoak dira, gogorarazi dutenez, osasun zentro berriak, egoitza publikoak, eguneko zentroak eta ELZ bat. Administrazio publikoak eta Osakidetzak zaintza sistema publikoa bermatu behar dutela uste dute, “senitartekoak zaindu behar dituzten milaka emakumeren esplotazioa bukatu dadin”.
Manifestazioa apirilaren 22an
Bilbo Plazan hasiko da, 12:00etan, Osasun Publikoa Aurrera plataformak deituta. Osasun publikoaren desmantelamenduaren aurka, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren kudeaketa gaitzetsiko dute mobilizazio horrekin. Osasun Saileko arduradunen, Arabako ESI eta Arabako Osasun Mentaleko kudeatzaileen dimisioa eskatuko dute, Osasun sistema publikoaren alde.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!