De Miguelek eta Telleriak indultua eskatu dute
Espetxea saihesteko estrategia da. De Miguelen abokatu berriak, gainera, errekurtsoa aurkeztu du, delitu gehienen zigorrak bertan behera uzteko.
Espainiako Auzitegi Gorenak De Miguel auziaren epai ofiziala jakinarazi zuen joan den astean: Alfredo De Miguel, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria EAJko goi-kargudun ohiak eta Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari ohia espetxera sartuko ziren kondenak betetzeko, errekurtsorik jartzeko aukerarik gabe. Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen Alfredo De Miguel HAZI Fundazio publikotik kaleratzea.
ElDiario.es-ek argitaratu duenez, De Miguel auziaren baitan ustelkeria delitu larriak egiteagatik zigortutako EAJko kide ohi horietako bik behintzat, De Miguel eta Telleriak, Arabako Probintzia Auzitegian indultu eskaerak aurkezteko asmoa dute, datozen egunetan kartzelan sartzea ekiditeko.
Alfredo de Miguel Arabako EAJko ‘bigarrena’ izandakoa eta ustelkeria sarearen burua da eta Aitor Telleria De Miguelen lankidea alderdiaren Arabako exekutiban, Gasteizko zinegotzi ohia eta kasuaren pantaila-enpresa nagusiko bazkidea. Hamabi eta sei urteko kondenak jaso dituzte, hurrenez hurren.
De Miguelek, gainera, abokatua aldatu du eta kartzelaratzea bertan behera uzteko eskatu du, azken unean. Horretarako, abokatu berriak —Estefania Rojo, Gonzalo Susaetaren ordez— erregu-errekurtso bat aurkeztu du, argudiatuz ezarritako zigor guztien artean batek bakarrik gainditzen duela bi urteko zigorra(zilegi ez den elkartea); hortaz, defentsaren aburuz, gainerako zigorrak exekutatu gabe geratu beharko lirateke.
EAJko iturriek ere adierazi dute ez dutela erabat ezagutzen azken mugimendu hori, zigorrak betearaztea saihesteko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!