O no será-Edo ez da izango: AutoezALUtza
Ginekologiaren autogestioa; geure gorputzen jabe izateko lehen pausua geure gorputza ezagutzea.
Saio honetan ginekologiaren autogestioaz aritu gara. Gure gorputzen jabe izateko eta gure osasuna kudeatzeko geure burua, eta zehatzago, geure gorputza ezagutu beharko genuke, ezta? Aurretik ere Onoserá saio honetan landu izan den gaia da, baina gurera berriro ere ekarri gura izan dugu, gorputzak erdigunean jartzeko aldarria geure eginez, nork bere gorputza ezagutzea beharrezkoa dela ulertzen dugulako. Eta gaurkoan, bereziki, gure aluaren edo bulbaren ezagutzan zentratuko gara. Hala ere, esentzialismotik eta binarismotik ihes egin nahiko genuke, eta argi utzi emakumeez hitz egin baino, alua duten gorputzez arituko garela, identitate anitz baitaude bulbadun emakumeen eta zakildun gizonen errealitatetik harago.
Gure osasuna ez da bigarren mailakoa, eta beraz, gure gorputza bere osotasunean ezagutzea ere ez. Gure aluen inguruko informazio eza eta ikus ezintasuna onartezina da. Are gehiago, horrekiko mespretxua. Bagina bezala izendatu izan da, oraindik ere, hanka artean daukaguna, hori bakarrik izango balitz bezala… Bagina, latinetik datorren hitza, zorroa edo leka esan nahi du euskaraz, “vaina” erdaraz. Zergatik? Praktika androzentristetatik abiatuta, gizonezkoen plazera lehenetsi izan delako orokorrean; sarketa, gizonezkoen dominaziorako beste mekanismo bat, emakumeen plazera albo batera utziz. Bagina bat baino gehiago gara eta gaurkoan aluari eta bere osotasunari emango diogu protagonismoa, baita plazerari ere.
Autoezagutza kontzeptu honi “autocoñocimiento” izena eman diote maiz. Geuk “autoezALUtza” hitza proposatzen dizuegu, bada. Ibilbide honen hastapenetan, 70. hamarkadan, 23 eta 39 urte arteko hamabi emakumek beraien gorputza erdigunean kokatu, eta praktika bidez sortutako jakinduria askapenerako tresna moduan erabili zuten. Bostoneko Emakumeen Kolektiboa ziren (Womens Health Book Collective). Aitzindariak izan ziren indibidualki (ere) aitortzeko kolektiboki behatzen eta beraien ikerketak sistematizatzen. Ondoren, bide horri jarraipena eman zioten beste askok.
Izan ere, emakume haiek auto behaketa, beraien gorputzekiko esplorazioa eta ikerketa martxan jartzeko sentitu zuten beharra, gaur egun, XXI. mendean, dugun behar bera da. Eta, bide batez esan dezagun, gorputz periferiko eta/edo bulbadunen gaineko ikerketa eta praktika zientifiko ez inbasiboen inguruan ez da aurrerapauso handirik eman.
Gaurko elkarrizketatua, Enara I. Dominguez, da ikerketa lerro honi jarraitu dion horietako bat. Jone F. Zabaletarekin batera sortu zuen 2019. urtean AraGorputz! elkartea. Bulba duten pertsonek euren gorputzak ezagutu, behatu eta jakintza hori elkartrukatzea da haien asmoa, medikuengan utzitako ardura horren aurrean, burujabetzaren aldeko apustua egiteko. Azken urte hauetan Soy1Soy4 komunitate hezitzaile birtualean ere parte hartzen dute. Gainera, Enarak “Ziklikoki bizitzen” proiektu pertsonala du, mundu honetan eta gizarte honetan hilerokoa duen gorputz gisa egiten ari den hausnarketen zabalpenerako proiektua. Hizpide izan dugun gai nagusiari buruzko tailerrez gain, azken aldian ekonomia feministaren inguruko tailerrak egiten ere badihardu, eta honekin lotuta, elkarrizketan bertan Belen M.A. Frances egilearekin batera gaztelaniaz argitaratu berri duen liburuaren berri eman zigun: “Desmontando al Homo Economicus. Postales desde Isla Ternura”.
Beste erreferentzia batzuk:
- “Our bodies, ourselves” (nuestros cuerpos, nuestras vidas) – Bostoneko Emakumeen Kolektiboaren dokumentua.
- MIAU: Movimiento Insurrecto por la Autonomía de Una misma- Chile. Dokumentala.
- COÑO POTENTS: Diana J Torres. Eyakulazioaren inguruan (Skene glandulak/anarcha glandulak). Txalapartak argitaratu zuen eta egileak gainera internetera igo zuen pdf-a edukia ahalik eta gehien hedatzeko
- Vulvasapiens kolektiboa.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!