Trans legearekin alderdi sozialistak bere atean sartu du gola
Duela aste batzuk Madrileko diputatuen kongresuan Trans legea tramitera onartzeko plenoa burutu zen, prozedura hori zen, behin legea erregistratuta gobernuak hilabete bateko epea dauka legea inpugnatzeko, hilabete hori pasata talde politiko batek plenora eraman behar du tramitea hasteko eta tramite horretan alde ezberdinak entzun eta taldeek emendakinak aurkezteko aukera daukate, beraz hasieran erregistratutako testuari zuzenketak ezartzeko aukera dago, baina, esan dudan bezala tramite luze hori burutu ahal izateko aurretik plenoak legea tramitera onartu behar du, eta ez zen horrelakorik gertatu.
Dibortzioaren legea bezala, edo abortoarena, edo berdintasunezko ezkontzarena edo orain gutxi onartutako eutanasiaren legea bezala, trans legea polemikoa izan da, arrazoi ezberdinengatik baina hoietatik nagusiena genero autodeterminazioaren eskubidea aintzat hartzen zuelako. Gogoratu behar dugu eskubide hori estatuko hainbat erkidegotan legea dela duela urte dezente, EAEn 2019-tik eta Nafarroan 2017tik.
Erkidego guztietan, baita EAEn eta Nafarroan alderdi sozialistak trans legeen bultzatzailea izan da, EAEko kasuan gainera, egun indarrean dagoen 14/2012 legeak Patxi Lopez garai hartako lehendakariaren sinadura darama, gaur Madrilen diputatua dena. Eusko legebiltzarrean talde politiko guztiak, PP izan ezik, erregistratu zuten legea, eta guztiek alde bozkatu zuten eta Alderdi popularrak abstenitu egin zen.
Zoritxarrez oraingoan gauzak ez dira horrela gertatu. Erregistratutako legeak trans kolektiboen parte hartze prozesu batetik abiatu zen. Baina, oraingoan, beste momentu batzuetan ez bezala, Alderdi Sozialistak abstentzioaren bitartez PP eta Vox alderdiekin lerrokatu zen trans pertsonen despatologizazioa eta erabakitzeko eskubidea aitortzen zien legea zakarontzira bidaltzeko. Seguramente ez zuten neurtu legea ez zela bakarrik zilegiak diren eskubide batzuen aitormena, legearen erredakzioaren prozesuak trans kolektiboa indartu eta erreferente bihurtu duela, trans kolektiboak euren ahots propioarekin hitzegiten dutelako.
Alderdi Sozialistak LGTB kontuetan ibilitakoa zakarrontzira da bidali den gauza bakarra, trans kolektiboak etsiturik egon beharrean indartsu eta borrokatzeko prest dagoelako. Herri batzuetan jakin badakigu zer nolako arazoak dituzten Alderdi Sozialistako kideek erabakitzeko eskubidearekin baina oraingoan euren atean sartu dute gola, trans pertsonen gorputz eta identitateen inguruan erabakitzeko eskubidearen kontra agertzerakoan.
Gertatutakoak arrakala bat ireki du LGTB kolektiboaren baitan. Urteetan zehan Alderdi Sozialistak bere sateliteak sortu ditu mugimenduan eragiteko eta hainbat politika martxan jartzeko. Gaur satelite hoiek “LGTBI kolektibo nagusiak” direla azpimarratzen dute.
Gauzak horrela, goazen aztertzera zein izan den “LGTBI kolektibo nagusi” hoien ekarpena aztertzera. Kolektibo hauek bere gain hartu zituzten ekainaren 28ko deialdiak hainbat tokitan, horretarako antolakuntzatik auzo elkarteak eta talde kritikoak enpresarioen elkarteengatik ordezkatu zituzten, eta merkantilismo arrosari bide eman zioten. Bereziki gay kolekboari zuzendutako ostalaritza antolatu eta hau zabaltzeko bitartekoak sortu zituzten.
Ekainaren 28ko manifestazio kritikoak uztaileko lehenengo egunetan egiten diren pride-etatik ordezkatu zituzten, uztaileko lehenengo asteburuan hain zuzen jendeak soldata fresko-fresko izateko, eta antolatutako karrozetan enpresa eta alderdi politikoei bide emateaz aparte, Palestinako sarraskiagatik aurpegiz zuritzeko Israelen karrozari ere aukera eman diote ere.
Merkantilismoa gutxi ez balitz bezala, PSOEren sateliteak berdintasunezko matrimonioarekin dena lortuta zegoelaren konsigna zabaltzen hasi ziren, behin borroka desaktibatuta LGTBI kolektiboa kontsumora bakarrik bideratzen zuten.
Eta ezin dugu ahaztu operazio hau egiteko gay kolektiboa hauspotu zutela, batez ere gorputz desiragarriak dituzten hoiek, eta lesbianak eta transak erabat baztertu zituzten.
LGTB etiketa hori baliatu dute gay kolektiboaren interesak hauspotzeko gainontzeko kolektiboen kalterako.
Orain Trans erresistentziak bere ahots propioa aldarrikatu eta Alderdi Sozialistari, eta honen morroi diren LGTBI elkarteei, arrakala ireki diote autodeterminazio eskubidearekin. Eta honek aukera politiko paregabea bihurtzen digu asimilazio prozesu horrekin kritikoak izan garenoi. Orain da momentua trans erresistentziak ireki duen aukera hori baliatu eta PSOEren sateliteak diren elkarteak ez dutela transbollomarika mugimendua ordezkatzen esateko, elkarte hauek ordezkatzen duten eredu kapitalista, baztertzaile, homonormatibo eta gay zentrista salatzeko.
Azkenengo egunetan askok galdetzen dute, eta trans legearen ondoren zer, bueno, ba trans legeak utzi duen agertokia aprobetxatu, indarrak batu eta ezarri nahi diguten ereduari hortzak erakusteko garaia da, orain gure txanda da.
Amets Martinez de Heredita (Lumagorri)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!