Kenkaria ohiko etxebizitza erosteagatik: Arriskuan dagoen eskubide bat?
Ohiko etxebizitza erosteagatik dagoen kenkariari buruz hitz egiten dugunean, eztabaidagai dena ez da soilik zerga-kontu bat; gizarte osoarentzat oinarrizko eskubide den etxebizitza eskuratzeko modua nola egituratu nahi dugun ere bada.
Testuinguru honetan, kenkari hori defendatzea ez da ekonomia-kontu huts bat. Gazteek eta familiek etxe propioa eskuratzeko aukera izan dezaten apustu egitea da, gaur egun interes espekulatiboek gero eta gehiago kontrolatzen duten merkatu batean.
Errealitatea argia da: etxebizitza guztiak ez dira publikoak, eta ez dira etorkizunean ere publiko bihurtuko. Hortaz, dedukzio hori kentzea defendatzea, argudiatuz etxebizitza-parke osoa Estatuaren esku egongo dela, gehienez ere inozokeria da; eta, txarrenean, estrategia tranpati bat, etxebizitza eskuratzeko prozesua are gehiago garestitzeko arriskuarekin.
Ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria hor sartzen da jokoan. Ez da opari fiskal bat, baizik eta desberdintasunak murrizteko eta etxebizitza merkatuan aukera-berdintasuna sustatzeko mekanismo bat. Neurri honi esker, gazte batek bere lehen etxebizitza erosterakoan 36.000 euro aurreztu ditzake. Aurrezpen horri esker, pertsona gehiagok etxe propio bat eskuratzeko aukera izango dute, eta, gainera, alokairuaren mendekotasunetik ihes egin ahal izango dute. Askotan, alokairuaren baldintzak jabe handiek ezartzen dituzte, eta horrek merkatu espekulatiboa areagotzen du.
Deigarria da, hala ere, dedukzio hori kentzea defendatzen dutenen argudioak entzutea. Zer dago proposamen horren atzean? Zenbakiek argi erakusten dute. Erreparatu diezaiegun Espainiako Kongresuaren ondasunen deklarazioei. Izan ere, dokumentu horien arabera, EH Bildu bezalako alderdietako ordezkariek, kenkari hori desagerraraztea defendatzen dutenek, alegia, proportzio handi batean dute etxebizitzaren bat alokairuan. Hain zuzen ere, etxebizitza duinaren defendatsaile sutsu omen diren diputatu hauen %60k alokairuko etxebizitzak dituzte. Horregatik lehen egindako galderara bueltatzea ezin egokiagoa dirudi:
Kontuan hartuta etxebizitza guztiak ez direla publikoak eta etorkizunean ere ez direla publikoak izango, inozoak dira edo gu tranpan erortzea nahi dute?
Dedukzio hori kentzea defendatzen dutenek beren propietateekin lasai espekulatzeko atea ireki nahi ote dute?
Edo benetan uste al duzue, inozente ikuspegi batetik, etxebizitza guztiak publikoak direla?
Argi dagoena da kenkari horrek, lehenengo ohiko etxebizitza erosten dutenei mesede egiteaz gain, mugak jartzen dizkiela espekulatzaileei ere. Inbertsio funts batentzat garestiagoa delako etxebizitzak erostea, lehen etxebizitza eskuratu nahi duen gazte batekin alderatuta.
Etxebizitza bidezko eskuragarritasuna babesten duen tresna bat da, bertan negozio bat bakarrik ikusten dutenen interesen aurrean.
Azkenean, eztabaida ez litzateke laguntza hori ezabatzean oinarritu behar, baizik eta laguntza hori hobetzeko moduan, benetan behar dutenei mesede handiagoa egin diezaieten. Izan ere, funtsean, etxebizitza duina eta propioa izateko aukera bermatzea gure gizartearen oinarrizko eskubide garrantzitsuenetako bat defendatzea da.
Abestiak dioenez, _gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude eta ez da gauza bera, nire adiskide_. Eta nola daude gauzak? Pankartarik handiena eramateak ez zaitu egiaren jabe egiten. Eta zer ez da gauza bera? Ba, irakurleok, alderdi bakoitzak oinarrizko eskubide honen harira defendatu duena kontsultatzera gonbidatzen zaituztet.
Julen Antoñana
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!