Hezkuntza publikoko irakasleen lan-baldintzak hobetzeko unea da!
Hezkuntza sailburuak ez omen du ulertzen sare publikoko irakasleak zergatik goazen grebetara. Ba, egia esan, ez da zaila ulertzea: gure lan baldintzak asko okertu dira, nahikoa da!
Nazkatuta gaude bai, gure lan baldintzak geroz eta prekarioagoak direlako, eros ahalmen handia galdu dugulako azken hamarkadan lan karga ikaragarri handitu den heinean, hezten ditugun haur eta gazteen profil geroz eta konplexuagoek nahiz eskola publikoetan pilatzen den segregazioa kudeatzeak exigitzen duen lan eskerga ezinezkoa egiten zaigulako gure lan orduetan betetzea, inortxok ordaintzen ez dizkigun buruhauste eta ordu extrak barra-barra sartzen ditugulako gure egitekoak aurrera eraman ahal izateko: izan egunerokoa programatu, izan bidalitako jarduerak eta ebidentziak zuzendu, izan ikasleen jarraipena egiteko familiekiko atentzioa eta komunikazioa, izan ikasleei feedbacka ematea eta jarraipena egitea, izan ebaluazio bileren prestaketa egiteko txantiloiak betetzea, izan ebaluazio boletinak betetzeko mila excel orri ezberdinetan notak banan-banan sartzen ibiltzea, izan jarduera plan pertsonalizatuak sortu-irakurri eta gaurkotzea, izan barnetegietara joatea, izan orain oso progreak izan behar dugunez mila aplikazio digital ezberdinetan eduki interesgarri eta politak diseinatzea eta izan, izan, izan… izanez beteriko abar luze bat.
Dena on-line den honetan ziria ederki sartu digu Hezkuntza Administrazioak eta gure kolektiboa izugarri esanekoa denez, langile finak garenez eta dena ongi egina, antolatuta nahiz gordeta eduki behar dugunez barru-barruraino irentsi ditugu gehiegizko eginkizun burokratikoak. Amaierarik gabeko hodei digital batean bizi gara, mila dokumentu, lotura eta protokoloz beteta, mila dokumentu sortu ditugu eskolako eginkizunak koordinatzeko, eginkizun bakoitzarentzat karpeta bat, excel-orri berri bat, beste txantiloi bat…. Bada ez bada, dena erregistratu behar omen dugu, bizkarrak babestu beharra sentitzen baitugu, dena eta denak gure kontra jotzeko arriskua dugun sentsazio horretatik ikuskaritza dela, familiak direla, zenbait zuzendaritza direla…. ebidentziak eta paperak erregistratuz ematen ditugu orduak eta orduak, alferrikakoa den lan batean murgilduta.
Zer esanik ez gainera katedra askatasunez hitz egin behar badugu, hezkuntza lege bakoitzeko gure estilo didaktikoa eta metodologia ez omen da ona. Nor edo nor ere ausartu da ebaluazio diagnostikoen emaitza akademiko kaskarrak irakasleoi leporatzen. Gaurkotu behar omen dugu, XXI. mendeko erronkei egokitu… eta neologismoz inguratuta noraezean gabiltza. Orain konpetentziak garatu behar ditugu, pertsona konpetenteak hezi, eta horretarako orain arte erabili dugun estiloak ez omen du balio. Guru batzuek esaten dutena hezurmuineraino sinistu behar omen dugu, ez kontrakorik esan Santimamiñeko homo habilisaren itxura eman nahi ez bada, eta inolako ebidentzia zientifikorik ez duten berrikuntzak aplikatu behar omen ditugu: orain edukiak mobilizatzea da inportantea, ez horrenbeste edukia bera.
Legeak konpetentziatan lan eta ebaluatu behar dugula dio, horretarako ikas-egoerak erabil ditzakegula, baina ikastetxeetara ikuskariak etorri eta beldurraren politika aplikatuz ikas-egoerak diseinatu behar ditugu derrigorrean, beraz, gutxi balitz orain material didaktikoak gure ikasleetara egokitzeaz gain, zerotik sortu egin behar ditugu, testu liburuek proposatzen dituzten proiektu eta atazak ez omen daudelako konpetentziatan oinarrituta. Beraz, zoroen pare ikasleei begira baino, paperak betetzen gabiltza, formazio berritzaileak omen direnak betetzen, korrika eta presaka erritmo jasangaitz batean zeharo gaixotu arte. Egoera horretan non geratzen da ikaslea hezteak behar duen sosegua, arreta, gatazken kudeaketa eta elkarbizitza, balioetan hezteko behar diren dinamikak, ezberdintasunak konpentsatzeko eta premia bereziak atenditzeko tarteak…
Irakasleen kolektiboan “errearen sindrome” handia omen dago, arrisku psikosozialen maila handienetakoa ere gure da…. baina Hezkuntza Sailetik jasotzen duguna ez da merezi dugun tratua: aitortza ekonomikoa, lanerako baliabide eta erraztasunak, lanorduen konpentsazioa, jubilaziorako aukerak, ordezko langileek merezi duten udako ordainsaria eta errespetua… Baina Begoña Pedrosak ez omen du ulertzen zergatik goazen grebetara…
Ainhoa Astigarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!