EAEko hezkuntza publikoan: nork behar du kafe-makina bat irakasleen gelan sintron-makina bat izan dezakezunean?
-
Ainhoa Astigarraga: EAEko hezkuntza publikoan: nork behar du kafe-makina bat irakasleen gelan sintron-makina bat izan dezakezunean?00:05:41
7. greba egunaren ostean, mobilizazio ondorengo potea hartzen…haserrea, urduritasuna, kezka, barreak, itxaropena, borrokarako gogoa… denetarik egon da korroan eman den hitz aspertuan, 2010etik lan hitzarmen berririk gabe baikaude, eta horregatik irmotasunez eta konbentzimentuz batu gara goiz goizetik piketeetan. Eta hara non adineko maistra batek… baina erretiro baldintzak hobetzea lortuko dugu, ezta? Zeharo ahitua nago eta gaztetxo hauek nirekin amaituko dute”
Adineko lankide, zuregatik doaz ondorengo hitzak;
Ene! Irakaskuntza publikoa Euskal Erkidegoan, irakasleak zientzia-fikziozko film batean baleude bezala sentitzen diren leku hori, baina efektu berezirik gabekoa. Gaur egungo ikasleak “Black Mirror”eko pasarte batetik atera direla dirudien bitartean, gu, irakasleok, denborazko bukle batean harrapatuta gaude, denborak ez duela barkatzen gogorarazten diguna, eta are gehiago adinaren ajeak tartean daudenean.
Hitz egin dezagun erretiroaz, errealitatea baino mitoa dirudien kontzeptu hortaz. Aurrejubilazio-plan mailakatu baten ordez, “agoante plan” batekin utzi gaituzte, gure muskuluek “nahikoa da!” oihukatzen diguten bitartean haur-hezkuntzan korrika egiten jarraitzean datzana. Eta ez, ez da ariketa fisiko mota berri bat; inauterietan superheroiz mozorrotu bitartean sasoian mantentzen saiatzen garen modua besterik ez da. Nork behar du kafe-makina bat irakasleen gelan sintrom makina bat izan dezakezunean? Hori bai dela sormenerako benetako bultzada!
Bitartean, irratian Madrildik funtzio publikoaren legean aldaketak datozela entzun dudalakoan nago, klaustroko bilera batean adarbakar bat bezain erreala iruditu zait horren aplikazioa. Euskal Herrian gizarte segurantza propiorik ez dugun bitartean, badirudi Espainian erabakitakoaren menpe egotera kondenaturik gaudela langileak. Non geratu zen Hemen lan egin, hemen erabaki lema hori? “Agian egunen batean”, diote, “funtzionarioek aurre-erretiroko plan bati heldu ahal izango diote”. Badirudi EAEn Hezkuntza Sailak enpresen lehiakortasun logiketan, burokrazian, digitalizazioan, prozesuen kudeaketen bikaintasunean eta lidergoetan interes handiagoa duela, hezkuntza benetan aurrera ateratzen duten irakasleen ongizatean baino. Digitalizazioa bera gure salbazioa izan beharrean, burokraziarekin batera, gure energia irensten duen eta benetan axola duenetik urruntzen gaituen munstro bihurtu da. Hezkuntza sailean ez ote dira konturatu irakasleen ongizatea ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatearekin lerrokatzen dela zeharo? Ezin dira horren inozoak izan. Edo agian… bost axola hezkuntza publikoa.
Jaiotza-tasak behera egiten duela eta etorkizuneko irakasle gazteek lan egiteko egoera latzari aurre egin behar diotela ikusiko dugu. Ikasgelan ikasle baino ile zuri gehiago dituen klaustroak topatuko ditugu. Hortaz, geure buruari galdetzen diogu: hau al da gure etorkizuna izango direnak zaintzeko modua?
Bitartean, hemen gaude, kasurik onenean karrerako funtzionario izanda, 60-63 urte bitarteko irakastorduen heren baten murrizketarekin baina 65 urte edo 67 urte bete arte lan egiten, dinosauroen bizitzari buruzko dokumental bat sor dezakeen batez besteko adinak pilatzen zaizkigun bitartean, gure ikasleekiko dugun distantzia generazionalak eragiten duen “aluzinearekin”, edozein superheroi dardarka jarriko luketen konpetentzia espezifikoetan oinarritutako erronkei eta ikas-egoerei aurre egiten. Eta geure zorigaitzei barre egiten diegun bitartean, egunaren amaieran gure ikasleen kalitatezko HEZKUNTZA bermatzea dela garrantzitsua gogoratzen dugu. Baina, irakasleok nor dugu “Bidelagun”?
Laburbilduz, EAEko adineko irakasleen egoera ironiazko eta etsipenezko koktela da. Eta etorkizunak zalantzazkoa dirudien arren, geure zorigaitzei barre egin diezaiekegu behintzat, egunen batean frontearen lehen lerroan dauden irakasleen balioa aitortuko duen hezkuntza sistema publiko baten alde borrokan jarraitzen dugun bitartean. Osasuna!
Ainhoa Astigarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!