Done Miliagari zerga ordaintzea
Duela 1000 urte, 1025ean, datatutako dokumentu bati buruz hitz egitera natorkizue. Ezaguna egin da (G)Ipuzkoa lehen aldiz jasotzen duen ezkribua, baina ez da urte horretako data ei duen bakarra. Aipatzera natorren hau ere garrantzi handikoa da, kasu honetan Arabarentzat: izena De ferro de Alaua dauka idatzi zen latinean eta gaztelaniaz “la Reja de San Millán” moduan ezaguna egin denez, “Done Miliagaren goldea” edo “golde muturra” gisa ezagutu izan duguna (nahiz aditu batzuen arabera, ‘Done Miliagaren burdina’ zuzenagoa den).
Dokumentu hau Done Miliaga Kukullakoa monasterioan gordetako Becerro galicano XII. mendeko eskuizkribuan kopiatuta dagoen agirietako bat da. Dokumetu horretan jasotzen den informazioa da, urte horretan, 1025ean, Arabako herriek Donemiliagari zerga gisa ordaindutakoa (ez dakigu zein zerga zen, ez eta haren jatorria, hamarrena zela esan izan den arren). Herriek ordaintzen zutena, gehiena, regga (‘golde mutur’) burdinan ordaintzen zuten edo burdinaren balioan (kontatzeko unitate moduan erabiliz) eta agiriaren izena hortik dator (nahiz batzuk aberetan ordaindu).
Dokumentuaren data zalantzan jarri izan da, baina edonola ere XI. mendeko dokumentu baten kopia dela ez dago zalantzarik.
Bertan, Arabako 307 herriren izenak datoz, 21 esparrutan banatuta, eta bakoitzak ordaintzen zuena. Herriek komunitate gisa ordaintzen zuten eta argi geratzen da, zerga kudeatzeko sortutako dokumentua izan zela.
Informazio oso garrantzitsua ematen du horregatik. Batetik, ez dira Arabako herri guztiak agertzen, baina agertzen direnak, asko gaur egun arte iritsi dira (batzuk hustutako herriak bihurtu ziren arren) eta adierazten du, XI. menderako, gaur egunera iritsi den Arabako herrien sarea sortuta zegoela eta oso zaharra dela, alegia, Europako mendebaldean VIII. mendetik datorren ekonomi hazkundearekin sortutako herrixken garaikoa. Gainera, bestetik, komunitate gisa izaera zutela ikusten da (ordainketa ez baita pertsonako egiten, herrika baizik) eta garaiko gizartea nolakoa zen erakusten digu. Azkenik, hizkuntzaz ere informazioa ematen du (gehienek euskal izenak dituzte eta).
Herri asko ari dira ospatu nahian eta oso ekimen ederrak sortzen ari dira. Adurtzakoa da adibide bat, herritarren aldetik sortutako ekitaldi sorta ederra prestatu baitu. Izan dadila aitzakia, berriro ere, komunitate eta elkarte gisa herriei indarra emateko.
Jaione Agirre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!