C’est la guerre!!! (Ipuin distopikoa)
Filma hain zen txarra, ezin izan niola eutsi telebista itzaltzeko tentazioari amaiera ikusi arte itxaron gabe! Ez dut gogoratzen titulua. Kreditoak irakurtzean susmatu behar izan nuen film amerikarra zela ikustean,
Hollywood estilokoa. Ekintza asko, heriotza asko, jende on eta gaizto asko, heroiak eta bilauak… oso azalekoa, batere ez sakona. Mundu distopiko bat irudikatzen zuen, etorkizun hurbilean, non oso kutsakorra den birus batek eragindako pandemia bat oso azkar hedatzen zen. Gaia interesgarria iruditu zitzaidan eta filmak lotu ninduela aitortzen dut. Historian zehar, ezerk ez baitu gizaki gehiago hil gaixotasun kutsakorrek baino: 14. mendeko Izurri Beltza; 20. mende hasierako Espainiako gripea; Baztanga eta, oriantsuagoak direnak, Hiesa edo Ebola… pandemia batzuk besterik ez aipatzeagatik.
Filmaren hasieran, gainera, komunitate zientifikoak zioen egungo pandemia saihestu zitekeela eta prest egon beharko genuela, arnas gaixotasun berri batekin lotutako pandemia bat agertzea denbora kontua besterik ez baitzen. Baina gobernuek baliabide gehiago eskaini zizkioten gerra prestatzeari osasuna prebenitzeari baino; Defentsarako aurrekontu izugarriak onartuz, eta arlo garrantzitsuak alde batera utziz, hala nola Osasuna. Teoria konspiratzaileak ere agertzen hasi ziren: laborategi batean sortutako birus bat bazen eta potentzien arteko botere gerra batean arma biokimiko gisa erabilia izan zela… Baina ekintzaile taldeek teoria horiek askotan botereak erabiltzen dituela argudiatzen zuten, diskurtso desmobilizatzaile bihurtuz , eta bereizten jakin behar genuela.
Filma bere klimaxean zegoen eta zoragarria zirudien. Ni erabat sartuta nengoen filmean. Baina, bat-batean, erabateko bira eman zuen, eta kolpetik atera ninduen filmetik. Pandemia geldiarazten saiatzeko, munduko gobernu orok salbuespen egoera ezarri zuten, estatu guztietako mugak itxiz, eta herritar guztiak beren etxeetan konfinatzeko agindu zuten, haien arteko aurrez-aurreko harreman oro debekatuz… eta armada kaleetara atera zuten. Ordutik aurrera, eztabaida akabo, eta armadak gidatu zuen “birusaren aurkako borroka”, -izen horrekin bataiatu zuten operazioa, militar estilo oso- non jende guztia soldadutzat jotzen zituzten. Ahots batzuk entzun ziren esanez ez zela gerra bat, hondamendia baizik, eta solidaritatea eta elkar laguntza eraginkorragoak izango zirela armada baino; armada hiltzeko diseinatuta dagoela, eta ez bizitzak zaintzeko. Baina alferrik izan zen. Pandemiaren bilakaeraren berri emateko agerraldi guztiak arenga militar bihurtu ziren, eta “balio militarrak” goraipatzen ziren, disziplina eta obedientzia bereziki. Eta herritarren buru militarizatuek hitz horiek bereganatzen zituztela zirudien…
Hori izan zen edalontzia bete zuen tanta. Une horretan itzali nuen telebista. Ez nuen filma nola bukatzen zen ikusi nahi, oso itxura txarra baitzuen amaierak. Herri batek apaltasunez armadak boterea har dezan uzten duenean, nahiz eta osasunaren izenean eta epe labur baterako izan, bizirik baino hilago dago, eta ez dio beldurrik izan behar historiaren hasieratik, aldaera ezberdinetan, berarekin bizi izan den zomorro bati. Agian herri hori Augusto Monterrosoren ipuin laburra kontatzera kondenatuta izango da, aldaketa batekin: “Esnatu nintzenean armadak kaleetan jarraitzen zuen”.
Oharra: Ipuin hau nire asmakuntza hutsa da, eta ez du errealitatearekin zerikusirik.
Araba Hizpide (2020-03-27)
Mikel Lacalle (ZAPateneo)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!