Bortizkeria
Gaur egun hainbeste azalarazten ari diren eraso matxisten inguruan egin nahiko nuke nire erreflexioa. Ziur aski betidanik eman diren erasoak baina gizarte eredua aldatuz doan heinean, eraketa, konplexutasuna, komunikabideak, gehiago nabarmentzen direnak eta noski, erantzunak, bitartekoak, prebentzio neurriak, zigorrak…. egokitzera eramaten gaituztenak.
Jakinda gainera hainbat eraso azken muturreraino eramaten direla non atzera bueltarik ez dagoen, legedia ere egokitu beharra dago. Errepresio legedia noski, besterik ez dagoelakoan, eta ziur aski ez da egongo.
Erasoak gertatu ondoren edota aurreikusten direnean aplikatu beharrekoak.
Edozein kasutan, eraso matxista deituriko hauetan azpimarratuko nuke norabide biko erasoak direla, normalean edota gehienetan gizonezkoek burutzen dituztenak, beraien nagusitasuna medio, baina ez dela beti horrela gertatzen, emakumezkoek eragindakoak ere badirela eta are gehiago eraso psikologikoez ari bagara.
Ez dago generorik bortizkeriarako, nire ustez, aurpegi asko dituelako, modu askotara eragin daitekeelako, fisikoki zein psikologikoki. Eta bigarren hau da gutxien nabaritzen dena, gutxien agertzen dena, azalarazten dena, mingarria, eramangaitza, muturreko egoeretara eramaten zaituena.
Hau zigortu daiteke? Zigortu behar da? Beste neurri batzuk behar direla uste dut, bai eraso fisikoei dagokienez, baina bereziki eraso emozional zein psikologikoez ari garenean.
Mota askotako erasoen aurrean gaude, heriotzara heltzen ez diren erasoak, lehen esan dudan bezala generorik gabekoak eta hauei aurrea hartzean dagoela gakoa uste dut. Hainbatetan zigortu beharko dira baina lana aurrez egin beharko litzateke.
Orain dela ez hainbeste erreflexio batean “baloreak eta portaerak” delakoan aipatzen nuen zein garrantzitsuak ziren hauek hezkuntzan, gure hezkuntzan, arautuan eta ez arautuan, garrantzi handiegia ematen geniela eduki akademikoei baina balore sendo eta positiboetan oinarrituta ez bazeuden porrot egingo genuela gizarte moduan.
Gauza askotan aldatu gara baina beste hainbatetan aurreko mendeetan bizi garela dirudi.
Zerk eragiten du emakumezko eta gizonezkoen arteko menpekotasun harremana? Hainbatetan gaixotasun parera heltzen den menpekotasuna, gainditu ezinezkoa, norberaren nortasuna eta izatea galtzerainokoa. Maitasun faltsu baten disfrazpean eraikitako harreman desorekatuak.
Egoera konplexuak dira, mota askotakoak, baina denak ere baloreen heziketan oinarrituz tratatu beharko liratekeenak, menpekotasun patroiak gehienetan errepikakorrak direlako.
Ez dut esan nahi honekin arazo guztiak desagertuko liratekeenik, ezta gutxiagorik ere, baina lagungarri oso izango litzateke, zigor kodearen moldaketa edota aldaketa bezain besteko lagungarri bai behintzat.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!