Atzerriko hizkuntzaren ikaskuntza goiztiarra, onura ala kalte?
Hego Euskal Herrian ingelesaren ikaskuntza goiztiarra gero eta nabarmenagoa da. EAEn ingelesa 3
urtetik aurrera ezarriko da datorren ikasturtean, eta hezkuntza legearen aurreproiektuaren arabera,
ingeleseko orduak biderkatu egingo dira. Nafarroan, PAI ingelesez ikasteko programari hezkuntza-
eredu izaera emateko foru dekretua onartuko da. Baina, ingelesaren ikaskuntza goiztiarrak
bermatzen ote du konpetentzia linguistiko hobea erdiesten dutela gerora ikasleek?
Gaurkoan, zenbait ikerketa zientifikoren bidez, ikaskuntza goiztiar hori zalantzan ipiniko dut.
Horretarako, hauek dira oinarri gisa hartu ditudan ikerketak:
Alde batetik, Harvard Unibertsitateko “ Three misconceptions about age and L2 learning” ikerketa.
Bestetik, Bartzelonako Unibertsitateko Carmen Muñoz filologoak egindakoa: “Contrasting Effects of
Starting Age and Input on the Oral Performance of Foreign Language Learners”.
Bi ikerketek Ikasle helduek atzerriko hizkuntzan maila oso altuan ikasteko gaitasuna dutela agerian
utzi dute, eta haur oso txikiei atzerriko hizkuntzak sartzea ezin dela justifikatu hizkuntzak ikasteko
prestutasun biologikoaren arabera.
Ikerketa hauek ere zalantzan jartzen dute historikoki neurobiologoek aipatutako aldi kritikoa. Aldi
kritikoa hizkuntzen jabekuntzarako hizkuntza bat ikastea nahiko erraza den eta normalean arrakasta
handia izaten duen garaia da. Aldi hori amaitutakoan, ikasleak aukera gutxiago izango du atzerriko
hizkuntzan ama-hizkuntzaren pareko gaitasuna lortzeko. Psikolinguisten artean, oro har, onartua
dago aldi kritiko bat dagoela lehenengo hizkuntzan, baina eztabaida sortzen da aldi kritikoaren
aldarrikapena H2ra edo atzerriko hizkuntzaren ikaskuntzara zabaltzen denean.
Helduek atzerriko hizkuntzak menperatu ezin dituztela dioen uste okerra oso hedatuta dago. Horrek
iradoki dezake haurrak azkarrak eta eraginkorrak direla atzerriko hizkuntza jasotzen, baina datuek
argi uzten dute haurrek hizkuntza berriak poliki eta esfortzuz ikasten dituztela; nerabeek baino
polikiago eta esfortzu handiagoarekin, gainera. Hizkuntza berria era eraginkorrean jasotzeko bide
bakarra murgiltzea da.
Aurkikuntza hauek atzerriko hizkuntzen programetan ikasle gazteen ustezko abantailak zalantzan
jartzen dituzte, eta frogatzen dute haur helduagoek edo nerabeek gazteagoek baino gehiago ikas
dezaketela denbora-tarte berean.
Adinak eragina du hizkuntzaren ikaskuntzan, baina batez ere faktore sozialekin, psikologikoekin,
hezkuntzakoekin eta bigarren hizkuntzari eragin diezaioketen beste faktore batzuekin lotuta
dagoelako, eta ez helduek hizkuntza ikasteko aukera mugatzen duen aldi kritikoaren ondorioz.
Gardnerrek, 1997an 30 motibazio-aldagai baino gehiagoren garrantzia nabarmendu zuen, eta
horietako batzuk (hizkuntza antsietatea, motibazioa eta autokonfiantza) oso lotuta daude atzerriko
hizkuntzaren gaitasunarekin.
Bestalde, atzerriko hizkuntzen irakaskuntza lehen hezkuntzako hasierako mailetan sartzeko
erabakiak, eskola-planeko beste alderdi batzuen kostuen aurrean aztertu behar dira. Izan ere,
Collierrek (1992) haur elebidunen ikasketak interpretatu zituen lehen mailetan, eta H1 irakaspena
azken alfabetatzerako H2 irakaspena baino garrantzitsuagoa dela adierazi zuen. Horrez gain, dakigunez, ez dago atzerriko hizkuntzen irakaskuntzak matematikan, zientzietan, musikan edo arte
irakaskuntzan inbertitutako denbora gehigarriak baino gehiago balio duen erakusten duen ikerketa
onik.
Ikerketa hauen emaitza esanguratsuak ikusita, agintari politikoek atzerriko hizkuntzen ikaskuntza
goiztiarraren inguruko hausnarketa sakona egin beharko lukete. Eta atzerriko hizkuntza horren goiz
txertatzean tematu ordez, irakasgai hori emateko exijentzia maila igo (B2tik C1era), formazio gehiago
eta testuinguru aproposak sortu beharko lirateke (ikerketetan aipatzen da irakaslegoa eta
testuingurua zein garrantzitsuak diren).
Gainera, aipatutako guztiak euskararen irakaspena bultzatuko luke, eta baita gerora atzerriko
hizkuntzen konpetentzia maila igo ere.
Presak ez dira inoiz onak izan. Ezta hizkuntzen jabekuntza prozesuetan ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!