Agur, Jesús, beti arte!
Duela hilabete eskas, urtarrilaren 17an zehazki, Jesus Naves hil zen, 1976. urtean Gasteizen izan zen langile-borrokaren protagonista nabarmenetako bat. Historiara eredugarri gisa igaro den langile-borroka, bere izaera asanbleario, herrikoi eta autonomoagatik, eta estatu berantiar-frankista eta bere itxurazko trantsizioa estutasunean jarri zituena. Hainbesteraino non, gasteiztarrok ondo dakigunez, Estatu horrek Fraga eta Martin Villaren agindupean ez zuen zalantzarik izan langileen matxinada balaz zapaltzeko, 5 pertsona erailez eta 150 baino gehiago zaurituz.
Jesús Naves ezagutzeko eta harekin une eta gogoetak partekatzeko zortea izan dugunok zalantzarik gabe esan dezakegu pertsona osoa, zintzoa, analisi- eta komunikazio-gaitasun handikoa eta zapalduen kausarekin konprometitua izan dela, harik eta Alzheimerrak, azken urteetan pairatu izan duen gaixotasunak, ahalbidetu dion arte.
Asko da Jesusengandik ikasi duguna! Asanbladaren garrantzia; bitartekaririk gabe erabakitzen duten langileen indarra; haren grina, analisirako joera eta bere pentsamendu erradikal eta galdetzailea, bidezidorrik eta amore ematerik gabekoa… Eta, nire ustez, hau guztia ez bakarrik lagunoi, baizik eta Gasteizko herri osoari egindako ondarea da. Duintasuna berreskuratzen lagundu zigun. Horregatik uste dut gure hiri maitea, Gasteiz, zorretan dagoela berarekin, eta espero dut Alzheimer kolektibo baten biktima ez izatea, utzi digun ondare garrantzitsu hau ahaztaraziko diguna.
Jesús Navesen lagun eta kideoi gustatuko litzaiguke aurtengo martxoaren 3ko manifestazioak berari agur herrikoia esateko balio izatea, eta horretarako, pankarta bat eramango dugu, manifestazio horren erdialde inguruan, eta sentimendu hori partekatzen duzuen guztiei bat egitera gonbidatzen zaituztegu. Gainera, manifestazioaren amaieran, antolatzaileek ohiko adierazpenak irakurri ondoren, agur esateko ekitaldi labur bat egingo dugu. Bertan, 1976ko martxoaren 3an poliziak hildako langileen hiletan emandako hitzaldia entzun ahal izango dugu.
Azkenik, Naves bezalako pertsona bati egin diezaiokegun omenaldirik onena bere borroka-planteamenduei berriro heltzea dela esan nahi dut, gure egungo borroka berdina baita, testuingurua desberdina izan arren. Botere osoa asanbladari!
Mikel Lacalle (Zapateneo)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!