Poeta madarikatuak: Poeta madarikatuak | Asiar letrak deskubritzen [2×02]
Ezkerraldean, Liu Ye poeta prostitutaren olerkia. Eskumaldean, kemer gorriek egindako genozidioa.
Gabon poetazaleok! Ongi etorri Poeta madarikatuak irratsaiora, Hala Bediko literatura irratsaiora! Ba al dakizue zein den gaurkoan jorratuko dugun gaia? Bai, ba! Kontinentea Asia da, hortaz, gaur literatura asiarraren inguruan arituko gara! Aurreko denboraldian Japoniar literatura landu genuen, eta gaurkoan autore japoniarren bat ere landuko dugu baina herrialde desberdinetakoak ere sartuko ditugu, Asia kontinente izugarria baita.
Eta nola landuko dugu asiar literatura? Ba hasteko sarreratxo honetan, tradizioari jarraika, bi autore nagusi landuko ditugu, Asiarekin lotzen diren bi lan aurkeztuko dizkizuegu, normalean klasikotzat edo famatutzat jo daitezkeenak. Ostean, atzerriko literatura sekzioan, denboraldiko bigarren kolaboratzailea aurkeztuko dugu, pasa den urtean saioa entzun bazenuten ezaguna egingo zaizue, Iban Ruiz de Gaunak Denise Affonço eta bere “El infierno de los jemeres rojos” lanaz jardungo da.
Ondoren, sekzio berean, Philippe Claudelen “La nieta del señor Linh” eleberriaz mintzatuko gara, eta bai, izenagatik idazle frantziarra da baina eleberri hori programan sartzeak badu bere zentzua, geroago ulertuko duzue. Azkenik, atzerritar literatura sekzioa amaitzeko, Aki Shimazakiren “Tonbo” eleberriaz arituko gara.
Azkenik, literatura feminista sekzioan autore andana ekarri dugu, bai horixe. Askok ustekabean harrapatuko zaituzte landuko dugun lanak, baina uste dut zinez merezi duela eta denboraldi osoko lanik garrantzitsuenetarikoa izango dela aurreikusten dut. Eta zein da lan hori? Ba Guojian Chenek egindako bilduma bat, izenburua: “Antología de poetas prostitutas chinas”.
Bai, bai ondo entzun duzue, eta uste dut sekzioak benetan harritu eta interesatuko zaituztela. Txina mundu ezezaguna da guretzat, are gehiago bere poesia eta are gehiago prostituten poesia. Programa osoa iraun beharko duzue azken atal hau entzuteko! Eta saioari amaiera emateko, pasa den urtean argitaratu zen beste emakume autore baten liburuaz hitz egingo dugu, “La vegetariana” Han Kangena. Baliteke askok eta askok ezagutzea, oso famatu bihurtu zen liburua izan da eta azala deigarria izan zen, Rata argitaletxeak egiten dituen modukoa.
Abestien zerrenda:
- Cobra – Toundra (Vortex, 2018).
- Persephone – The Soulbreaker Company (Sewed with light, 2018).
Liburuen zerrenda:
- El arte de la guerra – Sun Tzu (c. K. a. IV. mendea).
- Kometa ehiztaria (Cometas en el cielo) – Khaled Hosseini (2003).
- El infierno de los jemeres rojos – Denise Affonço (1979).
- Tonbo – Aki Shimazaki (2010).
- La nieta del señor Linh – Philippe Claudel (2005).
- Antología de poetas prostitutas chinas – Guojian Chen (2010).
- La vegetariana – Han Kang (2007).
Saioan landuko diren liburu batzuen azalak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!