Erraietatik: ERRAIETATIK vol. XXXVII | La Rage du Peuple
Azken asteotako elkarrizketa mamitsuen ostean, Frantziar estatuko banlieuei begira jarri gara gaurkoan ERRAIETATIK irratsaioan. 1995an zuzendu zuen Mathieu Kassovitz-ek ‘La Haine’ (‘Gorrotoa’), bazterretako gazteriaren matxinadaren inguruko kultuzko filma. Historian zehar gertatu den bezala, bere garaiko testuinguruaren irakurketa ezinhobea egin zuen pelikula honek: «Garrantzitsuena ez da erorialdia, baizik eta lurreratzea», klaseen arteko gerra isilak eztanda egiten duenean. Eta argi geratu zen hori, 2005. urtean Banlieuetako Istiluak Parisetik Frantzia eta Europa osora hedatu zirenean.
Nicolas Sarkozyk, orduko presidenteak, berehala asmatu zuen istiluetan parte hartzen zuten gazteak identifikatzeko izena: ‘Racaille’ (txusma, jendaila, zaborra). Eta hain zuzen ere, hori da gaurko irratsaioan ezagutu nahi duguna. Nola bizi dira Frantziar estatuko hiri handietako behe-auzoetako gazteak? Zer suposatzen du azal txuria ez izateagatik bigarren mailako herritar izatera kondenatzen zaituen herrialde batean bizitzea? Zergatik pizten dira aldian-aldian matxinadak eta istiluak bere burua giza eskubideen jaioterri gisa duen herrialde honetako banlieuetan? Nondik dator hainbeste amorru?
Testuingurua osatu eta ibilbide historikoa egiteaz gain, banlieuetatik sortutako rap eszena frantsesera hurbildu gara. 1981an iritsi zen hip hop kultura Frantziara, eta berehala handituz joan zen musika estilo honen ospea, bertan bizi zen komunitate afrikar zabalari esker. Mezu antirrazistak oinarri, molotov koktelak ziren kantuak sortzen hasi ziren. Laister agertu ziren rap musikaren inguruko lehenengo irratiak eta kontzertuak, betiere polemikaz inguratuta, polizien hilketak zein beste krimen batzuk goraipatzea leporatuta. 90. hamarkadan zehar, hazkunde ikaragarria bizi zuen eszenak eta mundu osoko erreferentea bihurtu zen: Ministère AMER, IAM, NTM, Assassin… XXI. mende hasieran (banlieuetako istiluen zein ‘terrorismoaren kontrako gerra’-ren testuinguruan), mainstream-a atzean utzi nahi zuen korronte berri bat agertu zen, mezu subertsibo, iraultzaile eta politizatuei garrantzi handiagoa emanez: Médine, Mafia K1 Fry, Kery James, Keny Arkana…
TRACKLIST
01 – Keny Arkana – La rage
02 – Cut Killer – Nique La Police
03 – Kery James – Racailles
04 – Kery James – Banlieusards
05 – Ministère AMER – Sacrifice de poulets
06 – IAM – L’École du Micro dArgent
07 – Médine – Don’t Panik
08 – Mafia K1 Fry – Guerre
09 – Keny Arkana – J’me barre
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!