Erraietatik: ERRAIETATIK vol. XL | Oihu gorria, iraultza morea
Martxoak 3 eta Martxoak 8 bitarteko irratsaioan, ERRAIETATIKeko uhinetara ekarri genituen bi data historiko hauek. Izan ere, Alitxu Martínez del Campo izan dugu gurean: gaztea zelarik, 1976ko Martxoaren 3a hurbiletik bizi eta 2018ko Martxoaren 8ko Greba Feministan buru belarri aritu den emakume gasteiztarra, ume basatia. Honekin batera, Jean-Luc Godard zinegile frantsesaren harribitxietako batera hurbildu gara, ‘La Chinoise’ (1967).
1976ko Martxoaren 3tik, 2018ko Martxoaren 8ko Greba Feministara. Langileen iraultza eta borroka feminista uztartzen dituen ibilbidearen erakuslea da Alitxu Martínez del Campo. 76ko greba mugimendua zein Martxoaren 3ko sarraskia bizi zituen emakume askoren artean dago. Gazte militante komunista zen garai hartan, eta urteak aurrera egin ahala, besteak beste, eta gaur egun ere, Euskal Herriko eta Gasteizko mugimendu feministaren militante nekaezina izan da.
Berarekin solasean, 42 urte hauen inguruko testigantza jaso nahi izan dugu. Alde batetik, 1976ko Martxoaren 3a nola bizi zuen ezagutzeko, eta bestalde, urte luze hauetan herri mugimenduaren zein mugimendu feministaren bilakaera ulertzeko, gaur egun arte iristen den ibilbidea eginez.
Bestalde, ‘La Chinoise’, 1967. urtean Jean-Luc Godardek zuzendutako pelikulara hurbildu gara. Garaiko manifestu maoistatzat zein 68ko Maiatzaren aurrekaritzat hartu ohi da, urtebete beranduago Frantzian eztanda egingo zuen iraultzaren sinbolo bat. Godard-en obra osoa bezala, Nouvelle Vague mugimenduaren baitan kokatu genezake, eta inoiz baino kutsu esperimentalagoa du lan bitxi honetan. Izan ere, pelikulan zehar etengabe gogorarazten digun bezala ‘Prestakuntzan dagoen pelikula’ bat da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!