Zurrumurru Askea | Eskubideak ala mendekua?
Batxilergoan ikusi edota ikasi genuenaren arabera, Hobbes, Locke edota Rousseau bezalako autoreek kontratu sozialaren inguruan teorizatu egin zuten, hauek azaleratutako ideia edo behintzat nire buruan ezarritakoa, honakoa da: jendartearen sorreran bi egoera daude, egoera naturala eta kontratua, gizakiek egoera naturalean bizitza, askatasuna edota berdintasuna bezalako eskubideak izango lukete, baina kontua da egoera naturalean eskubide horien urraketa eman daitekeela, hortaz, hori ekiditeko asmoz kontratu soziala eraiki zuten, honen bitartez jendartean bizi ziren gizaki “ororen” babesa lortu omen zitekeelako.
Beraz, kontratu sozial honen arabera gizakiok gure askatasunaren zati bat hitzarmena deritzonari eskaintzen diogu, honakoak babesa bermatuko digula pentsatuz. Baina honakoa ez al da botere politiko ororen justifikazioa? Eta eskubideen defentsa irreala bada? Eta botere banaketa hau xantaia bilakatzen bada?
Jakin badakit, agian, teoria filosofiko hauen ebazpena zuetako batzuei txineraren modukoa irudituko zaizuela edota beste batzuei, agian, funtzio gabekoa. Baina, nik urtarrilaren 20an emailera Juan Carlos Quer-en Change.org-eko eskaera iritsi zitzaidanean, institutuan ikasitako hitzarmen hura gogoratu nuen.
Irakurriko zenuketenez, kartzelaldi iraunkor berrikustagarria Espainiako Zigor Kodean aurkitzen zen neurririk pribatiboena zen. Honakoa, 2015eko martxoaren 26an Diputatuen Kongresuan onartu zen, Alderdi Popularraren bozka nahikoak izan baitziren momentu horretan hura aurrera atera ahal izateko.
Aldaketa juridiko hau aldarrikatzen zutenen arabera, neurriaren helburua, gizartatzerako “prest” ez zeuden “delitugile arriskutsuenak” kartzelan mantentzea zen. Hau horrela izanik, zigorra bete ostean, espetxeratuek, Tribunaletik pasatu beharko lukete berriro ere, honek gizarteratzea onesten zuen edo ez ebazteko.
Hala eta guztiz ere, bi urte geroago, 2017ko urrian Kongresuak honen deuseztapena ontzat eman zuen, honela Alderdi Popularrak aurreko urteetan izandako botere instituzionala kolokan jarriz.
Gauzak horrela, penintsula iberikoan izandako erailketa mediatikoenen senideak batu egin dira (Martaren Del Castillonerak, Diana Quer-enak, Ruth eta José Bretonenak…), Change.org-en bitartez diputatuen Kongresuari berriro ere honako zigorra berrezartzeko eskatuz. Hilabete bakarrean, plataformak 2 miloi baino gehiagoko sinadura kopurua eskuratu egin du eta kanpainak izugarrizko babes soziala izan du.
Nik hasieratik, lege proposamena zenetik, eskubide zibilen kontrako neurria ez ezik, kartzela sistemaren printzipioa ere urratzen zuela pentsatzen nuen. Batzuei harrigarria iruditu ahal zaizuen arren, kartzelaren helburua ez da mendekua ezartzea eta presoek zein haien senideek eskubideak dituzte.
Angela Davisek oso ondo azaltzen duen moduan “Askatasuna etengabeko borroka bat” deituriko liburuan, “kartzelaren abolizioa ideia utopikotzat jo ohi dugu, hain zuzen ere kartzela eta hura babesten duten ideologiak guztiz sustraituta daudelako gure mundu garaikidean”. Liburu honetan kartzelatze sistemaren inguruko kritika interesgarriak egiten ditu afroamerrikarrak, bertan oso ondo azaltzen baitu preso guztiek ez dutela tratu berdina jasotzen eta justiziaren izenean ezarritako arauak ez direla, gizarteko kide ororentzat berdinak, hauetan ere pribilegiatuak eta pribilegio gabekoak daudelako.
Dena den, esan beharra dago, ez garela oso urruti joan behar espetxeratze sistema desorekatua dela jakiteko, Euskal Herriak pairatzen duen salbuespen egoera jarraitua, horren adibide garbia baita.
Hori gutxi balitz, guztion jakinaren gainean dago kartzelaren funtzioa beste bat izanik ere, ez dela gizarteratzea baizik eta bertan sartzen dituzten pertsonak suntsitzea.
Horrenbestez, zenbait ondorio atera nahiko nituzke, ez kartzelaldi iraunkor berrikustagarria ez dela gizarte eskubidetan oinarritzen, mendekuan baizik, ez honelako neurriek ez dutela justizia ekarriko jendartera, baizik eta, gorrotoa, hortaz, honelako neurriek ez dituzte arazoak konpontzen baizik eta, gaizkitu.
Hori horrela bada, eta trama honen atzetik diskurtso politiko bat dagoela ulertzen badugu, nork sinatuko zukeen Locke, Hobbes eta Rousseauk goraipatutako hitzarmen polit hori?
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!