Zer da delitua?
2023ko otsaila honetako 24 eta 25ean betetzen dira 10 urte Gasteizko Alde Zaharreko jaien baitan 14 kide identifikatu eta Audientzia Nazionalean epaitu zituztela.
Delitua, auzoko preso eta iheslarien senideei berotasuna, laguntasuna, elkartasuna helaraztea abestien bidez, dantzatuz, bertsoak kantatuz…
Delituaren titulua, terrorismoari gorazarre egitea. Zigor eskaera, 2 urteko kartzela zigorra eta 8 urteko inhabilitazioa.
Preso eta iheslarien senideak eta bertsolariak, besteak beste, izan ziren epaituak.
Definitu dezaket zer den delitua, zer terrorismoa, zer indarkeria politikoa, zer maltzurkeria, eta abar, baina ez dut uste merezi duenik, norberak jakingo du.
Ez da epaiketa hau kasu bakarra, beste hainbat eta hainbat burutu dira denboran zehar ezaugarri ezberdinekin, gogortasun gehiagorekin edo gutxiagorekin, baina beti ere sufrimendua eta amorrua eraginez.
Oraintsu jakin berri dut komunikabideen bitartez , Hezkuntzako iniziatiba gisa, euskal gatazkan parte izan diren hainbat eragilek eskolaz-eskola zabalduko dutela beraien esperientzia, adibide gisa, gerora modu positiboan eragin dezan.
Egia esan ez dakit zein izango den ikuspegia, antolatzaileen esanetan anitza, denek izango dute zer esan, zer kontrastatu eta, garrantzitsuena, ondorio positiboak atera nahi dituzte etorkizunera begira.
ONDO. Nik ere izango nuke zer kontatu, zer kontrastatu eta ni bezala hainbat eta hainbat euskal herritar, injustiziaren, inpunitatearen, zigorraren, indarkeriaren eta abar luze baten lekuko izan direnak.
Inoiz ezin izan ditugu gure historiak kontatu, ezta kantatuz, hitzak ere ondo neurtuak behin eta berriz birpasatuz, “hanka sartzerik” egon ez dadin, zigor berri baten mehatxupean (hemen dena zigorrekin konpontzen da)
Pentsatzen duguna esatea, kontatzea zaila da, ez hitzik ez dugulako baizik eta zigorraren beldur garelako.
Kontakizun batzuk legalak dira, beste batzuk ordea, ilegalak (gorazarre egitea adibidez) eta beste batzuk ez dira existitzen (oraingoz behintzat, agian ehundaka urte geroago argia ikusiko dute)
Edozein kasutan bitxiena da, kontraesankorra den heinean, nola txertatuko den gure hezkuntzan, gure historian, gure egunerokotasunean betenahi positibo hori, menpekotasuna, zapalkuntza, borroka,…bere horretan jarraitzen duenean, ezer gutxi aldatu denean.
Are gehiago, ez bakarrik gure ingurua, mundu osoa dago borroka eta gerra dinamikan murgildua.
Mundu osoko egiturazko arazoa da. Eta horrela izan da mundua mundu denetik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!