Zentral eolikoak Araban
ZENTRAL EOLIKOAK ARABAN
Iberdrolak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin 4 zentral eoliko jarri nahi ditu Arabako mendietan: Iturrietan, Azazetan, Arkamun eta Labrazan. Energia berriztagarrien aitzakiarekin gure mendiak suntsitu eta pribatizatu nahi dituzte. Kapitalismo berdearen izenean, gure naturguneak zapuztu nahi dituzte.
Eusko Jaurlaritza zentral eolikoen sustatzailea da, Iberdrolarekin batera, baina berdin zaio Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek dioena edo Arabako Foru Aldundiko Mugarri Planak naturguneetan haize-errotak ezin direla jarri agintzen badu, berdin dio beraiek idatzitako hegazti nekrofagoak kudeatzeko edo akuiferoak babesteko planak. Eusko Jaurlaritzak ez ditu errespetatzen berak onartutako legeak eta dekretuak, ez ditu kontuan hartzen aurretik onartutako planak; ematen du interesatzen zaion gauza bakarra Iberdrolari nahi duen tokian eolikoak jartzea ahalbidetzea dela.
200 metroko haize-errota erraldoietaz bete nahi dituzte Arabako mendiak eta paisaian izango luketen eragina oso bortitza izango litzateke. Ideia bat egiteko, Gorbeiako gurutzeak 14 metro neurtzen ditu eta Elgean dauden errotek 60.
Horrelako errota erraldoiek sortzen duten zaratarekin herri asko hustuko lirateke baina Iberdrola eta Eusko Jaurlaritzarentzat hori ez da arazo bat. Beraiek ez dute Euskal Herria maite, Euskal Hiria maite dute.
Haize-errota horien hegalek eta goi tentsioko lineek desagertzeko arriskuan jarri dezakete hegazti espezie asko: ugatza, miru gorria, bonelli arranoa, sai zuria… Zentral eolikoen eraginez urtero milaka hegazti hiltzen dira, gainera Araba hegaztiak Europako iparraldetik Afrikara migratzeko bidearen erdian kokatzen da.
Arantza Tapiak eta El Correok zentral eoliko hauek enpleguari haize emango diotela esaten digute, baina errealitateak beste gauza bat erakusten digu: Nafarroan, mendien erdiak zentral eolikoez josita egonda eta hamaika zentral eoliko berri eraikitzeko asmoa azaleratu eta gero Gamesak 550 langileko fabrika bat itxi egin du.
Multinazional erraldoiek eta horietan lanean bukatzen duten politikariek ez gaituzte aldaketa klimatikoaz salbatuko, beraiek putzu honetan sartu gaituzte eta beraiek gabe atera beharko gara, ez gaitezen engainatzen utzi. AHTa, Lemoiz eta fracking-a bultzatu dutenak ezin dira izan gure salbatzaileak, ezinezkoa da.
Iparraldeko Bizi mugimenduak esaten duen moduan sistema aldatu beharra dago. Sistema aldatu gabe ez dago ezer egiterik eta energia berriztagarriak ezin dira gure naturguneen borreroak izan etorkizuna izango badugu naturatik etorriko delako.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!