Zalantzaren goraipamena
Bada duela urte pare batetik hona deskubritu dudan zerbait, harritu eta loa kentzen didana. Eta hauxe da: edozein gertakariri buruz “hedabide ofizialek” emandako eta behin eta berriz zabaldutako bertsioa egia eztabaidaezintzat onartzeko dugun joera. Harritu egiten nau, ez bainuen espero; eta loa kentzen dit, benetan kezkagarria iruditzen zaidalako. Ditxosozko pandemiarekin gertatu zitzaigun, eta gauza bera gertatzen ari zaigu berriro Ukrainako gerrarekin. Bi kasuetan zalantza ez da baimendua izan; zerbait negatibotzat jotzen da, ezegonkortzailea. Hainbesteraino non zalantzak planteatzen dituzten pertsonak estigmatizatuak dira, “negazionistak”, “konspiranoikoak”, “insolidarioak”, “fatxak”… eta denbora honetan guztian ase arte entzuten ari garen kalifikatzaile mordo deituz. Ez dut uste oker nagoenik esatean beste garai batean, duela ez urrun, edozein gertakariri buruzko edozein bertsio ofizialari faltsukeria kutsu bat zeriola, nahikoa zen komunikabide ofizialetatik etortzeak haren egiazkotasunari buruzko susmo txarra hartzeko. Zalantza zen “narrazio” ofizialeekiko erantzun ohikoena. Bertsio horri agian zerbait ez zegokion susmoak sortutako zalantza. Eta zalantza horrek gure lagunekin elkartzera bultzatzen gintuen, gaia hainbat aldetatik aztertzeko, hobeto ulertzen saiatuz. Eta ariketa bizigarri eta aberasgarria zen, sarritan (askotan esango nuke) egiaztatu ahal izan baikenuen zalantzak ez zirela funtsik gabekoak; zalantza horiek sortu zituen susmoa errealitatea zela. Zer gertatu da orain, bat-batean, txintik esan gabe egia bakartzat onar dezagun txandakako agintaritzatik iristen zaigun guztia, berdin dio kontraesanez eta justifikazio zentzugabez beterik dagoen?
Covid19aren kasuan, adibidez, pandemiaren deklarazioaren erabakia baloratzera sartu gabe, eguneroko datuekin jolastu dute, beren interesen arabera, hartzen joan diren neurri gogorrak justifikatzeko: biztanleria osoaren konfinamendua, maskaren erabilera unibertsala, zaharren isolamendu krudela (horietako asko senideekin egon ezinik hil direnak), txertaketa-kanpaina larderiatsua… covid ziurtagiria ezarri arte, txertaketari uko egin dioten disidenteen bizitza soziala eragozteko.
Eta Ukrainiako gerrari dagokionez, nola ez izan zalantzarik ikusten dugunean bere gordintasun osoan kontatzen digutela, beste gerra askoren berri ematen ez diguten bitartean, urteak eraman eta milaka hildako eragin arren? Nola ez izan zalantzarik egunero ohore eta adore militarreko epika azaltzen digutenean, eta albistegietan behin eta berriro armada bati zuzendutako laudorioak entzun behar ditugunean, bide batez gizonek borrokarako alternatibarik ez duten armada, gerra-lege batek hala ezartzen duelako? Nola ez izan zalantzarik, publikoki eta argi eta garbi informazio-ildo bakarraz bestelako iritzia duten pertsona guztiak automatikoki mehatxutzat, etsaitzat hartzen direnean, eta antimilitarismo edo feminismotik datozen ahots diskordanteak isilarazten direnean? Nola ez izan zalantzarik ikusten dugunean zein erraz onartzen den gastu publikoa handitzea armak bidaltzeko, gatazka diplomazia eta elkarrizketaren bidez konpontzeko aukerak baztertzen diren bitartean? Nola ez izan zalantzarik, ikusi dugunean Europako estatuak zein azkar izan diren gai ehunka mila pertsonentzako harrera-azpiegitura miresgarri bat eraikitzeko, ostatua, nazioarteko babesa, eskolarizazioak eta zerbitzuak trebezia eredugarriz eskainiz, urteetan Europako ateak jo dituzten milaka errefuxiatuentzako harrera-politika bat adosteko gai izan ez diren bitartean? Inkoherentzia gehiegi, zalantzarik sor ez dadin…
Zalantzak merezita ez duen desprestigio kutsua du. Prentsa txarra du, ziur aski, ziurtasunak fidagarritasuna eskaintzen eta pentsatzea aurrezten duelako. Zalantzak izatea neketsuagoa da, denbora eskatzen du, ez da lehiakorra presaren merkatuan. Hala ere, “zalantza” ezagutzaren motorra da. Horrela izan da beti, denboren hasieratik gaur arte. Haren bultzadarik gabe, gizateriak ez luke aurrera egin izan, zalantzak berrikusketa, hausnarketa, hobekuntza eta aurrerapena sustatzen baititu. Doktrina filosofiko asko agertzea eragin du. Hain zuzen ere, modernitate filosofikoa ziurgabetasunaren aldarrikapen ospetsu batekin abiatzen da: zalantza kartesiarra, dena zalantzan jartzen duena.
Neoliberalismoak presan hezten gaitu; azkar kontsumitu behar da: “hartu edo galdu”! Norbaiten alde agertu behar da: “Nirekin zaude edo nire aurka”! …baina jakin badakigu mundua ez dela zuri-beltzean, ñabardura batzuk daudela hausnarketaren bidez soilik hauteman daitezkeenak; zalantzak eragindako hausnarketa. Fanatismoak egia eta dogma absolutu eta eztabaidaezinetan oinarritzen dira. Horregatik, merezi duen balioa itzuli behar diogu zalantzari: guk geuk zalantzaren ariketa onuragarri maiz praktikatu, eta zalantza gure haurren hezkuntzaren ardatzean jarri, segurtasuna eta sinesmen aldaezinak promesten dizkieten dogmatismoetan eror ez daitezen nahi badugu.
Mikel Lacalle
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!