Zaintza duinak denontzat!
Jaio gerenetik hil arte zaintzak dira egunero bizitza biziberritzeko guztion beharra. Nahiz eta funtseko lanak izan, feminizatuak daudenez modu ikustezinean heltzen zaie gizartean. Nire ustez zainketak aldarrikatu behar dira eta, horretarako, borroka politikoa xedea izan behar da.
Gaia ez da erreza, egunerokotasunean garrantzi handiko izan arren, ertz askoko auzia da, oso poliedrikoa, ikuspuntu askotatik heldu behar zaiona, aldez aurretik jakinda, gaur egun zaintzak ez direla lehentasuna gizarte merkantilizatu honetan.
Hala ere, eta zaintzen korapiloa desegiten leku batetik hasteko, mendekotasunari buruzko zenbait hausnarketa egin nahi nituzke.
Hasteko bi abiapuntu izan behar dugu. Lehenengoa, mendekotasuna artatzea eskubide sozial ukaezina dela eta, bigarrena, mendekotasuna gorako doan negozioa dela gizarte-premiak merkantilizatzen.
Zaintzak behar duten pertsonei arreta soziosanitario publiko duina bermatu behar zaie. Eta aldi berean, sektoreko langileei lan-baldintzak duinak bermatu behar zaizkie. Gaur egun ez bata eta ez bestea. Egoiliarrekiko arreta txarra eta langileen lan baldintzak, kaxkarrak. Hori dena, diru publikoarekin eta erakunde publikoen bedeinkazioarekin.
Araba, EAE bezala, paradisua da osasun-pribatizazioen negoziorako. Badirudi ez dutela ezer ikasi pandemiaren garaian. Pandemiak agerian utzi baitzuen zerbitzu publikoen garrantzia herritarrak babesteko.
Irabazi-asmoko zerbitzu pribatuek aurpegirik eta ondoriorik txarrena erakutsi zuten osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko. Publikoa izan zen ,eta da, praktikan, jendearen helduleku egonkor bakarra.
Zainketen arloa ez da enpresa-espazio bat. Ez da merkatu-objektu bat. Ez da merkantzia bat. Helburua ez da onurak sortzea zaintzak ematea baizik.
Hori, nire ustez, herritar guztientzako apustu etikoa eta berdintasunezkoa ere bada.Egoitza publiko eta pribatuetako lan, ekipamendu eta baldintzak ez dira berdinak. Ikusi besterik ez dago soldata-alde handiak, arreta-ratioak, lanaldiak, zaintza-lanen kalitatea, eta abar.
Itunpeko plaza publikoetan, arreta-kalitate desberdinei esleitutako eskubide berberak dituzten erabiltzaileak daude. Horrek esan nahi du oinarrizko diskriminazioa aplikatzen zaiola pertsona bati edo besteari, egoitza publiko batean edo itunpeko beste batean dauden plazen arabera.
Irtenbide duin bakarra adinekoentzako zaintza-zerbitzu GUZTIEK PUBLIKOAK izan behar direla, bai kudeaketan nola giza baliabidetan. Dirua badago. Kontua da zertarako erabiltzen duten.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!