Urriaren 8an bertan izan ginen, urtarrilaren 7an ere bertan izango gara!
Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuegu eta zorionak! Zorionak Araba. Batetik, urte guzti hauetan euskal presoen euskal herriratzea egi bihurtzen hasi dadin egindako lan guztiagatik, eta bestetik, Sarek antolatutako ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeagatik. Zuei esker iritsi gara honaino.
Urriaren 8an Donostian, milaka eta milaka herritar batu ginen Izan Bidea dinamikaren baitako azken kilometroak osatu eta eginiko bideak ekarritako lorpenak balioan jartzeko. Arabatik ere, dozenaka lagun gerturatu ginen lehenik Donostiako kaleak koloreztatzera eta ondoren Ilunbeko jaialdira. Aldarria eta festa batuz, bultzada itzela eman genion guztion artean aurrera begira egiteke dugun bideari.
Orain, erronka berri baten aurrean gaude! Urriaren 8an bildutako indarrak hartu eta urtarrilaren 7ra begira jarriak gara. Izan ere, urte garrantzitsu baten hasieran kokatzen da aurtengo urtarrileko mobilizazioa; euskal presoen gehiengo zabala Euskal Herrian delarik amaituko dugu urtea. Egoera berri honek, poza sorrarazten digu eta baita, herri aktibazioaren eta kale aldarrikapenaren garrantzia eta balioa erakutsi ere. Horregatik, eta oraindik bidea egiteke geratzen zaigulako, urtarrilaren 7an Bilbon izatera gonbidatu nahi ditugu Arabako herritar guztiak.
Bi urteren ostean, aurten berriro ere Bilbon elkartuko gara guztiok, oraindik ere bidea baitugu egiteke. Euskal herriratzeak urrats garrantzitsua izan arren, euskal presoek oraindik ere etxeratze prozesua gauzatzeko traba eta oztopo ugari jasaten dituzte salbuespen legediaren ondorioz. Horren adibide dira gradu progresioen aurrean fiskaltza eta Audientzia Nazionala izaten ari diren jarrera atzerakoia. Hori hala, lanean jarraitzeko beharra ezinbestekoa dela uste dugu, euskal presoek ere dagokien etxeratze prozesua normaltasunez gauzatzeko unea baita.
Erronka berri honi guztiok batera ekin nahi diogu eta Araban ere horretarako lanean jarraituko dugu datozen aste eta hilabeteetan. Gutun honen bitartez, Arabar guztioi gurekin bat egin eta herrian antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu, eta, nola ez, urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzeko gonbita luzatu.
Milesker eta zorionak!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!