Txinaurrien Hozkadak | “Borrokarako dei eginaz irrintzi bat dabil”
Borrokarako dei eginaz zebilen irrintzia. Jatorria, auskalo. Zugarramurdi, Anboto, Sara, Mairulegorreta… Erre nahi izan gintuztenen oihuen gainetik entzun zitezkeen sorginen algarak. Euskal Herriko gazteriari zuzendutako mezua zen. Mezu subertsiboa. Helburua, bakoitzaren suaz mundo osoa lehertarazteko indarra izango zuen sutea osatzea. Su txikiz, sute erraldoia.
Eta horrela abiatu ginen ehundaka gazte Oiartzunera. Prozesio erlijiosoak protagonista izan ziren egun horiek gure prozesio propioa egiteko erabiltzea genuen buruan, gurutzeak eta dolu jantziak trecking zapatilak eta Quechua kanpin- dendengatik ordezkatuz, noski. Errutinaren zama atzean utzi eta gazte topaguneari atxikitutako ilusioak betetzera gindoazen: hitzaldi edo mahainguru interesgarriren batean parte hartu, kontzertu eskaintzaz gozatu, juerga itzela bota, Euskal Herriko beste txokoren bateko norbaitekin ligatu… Aurretik sumatu ezin daitezkeen zenbat gertaera ezkutatzen dituzten topaguneek!
Aipatutako errutinaren zamak forma berezia hartzen du gazteontzat, baina are bereziagoa egiten du egoera Euskal herriko gazteontzat. Txoko bakoitzean, gazte bakoitzak pospolo bat pizten du bere egunerokoari aurre egiten lagunduko dion berotasuna eskuratzeko. Baina, jakina da suak ezinezkoa duela erregairik gabe bizirautea. Batzuen helburua erregairik ez dela existitzen sinestaraztea izan da betidanik, eta hori argi izanik, berebizikoa bilakatzen da erregaiak soberan ditugula gogorarazten diguten horiekin topatzea noizean behin, hartuemanek eta sinergia berriek erakusten baitigute non aurki ditzakegun hain preziatuak diren erregaiak.
Erregaia dugu lan militante nekaezina. Astebetez lo- orduei uko egin eta gazteon topagunea aurrera ateratzen ahalegin amaitezinak egiten dituen horri ea zer moduz dagoen galdetzen diozu, eta hark, begi- zuloek aurpegia konkistatzen dioten bitartean, primeran dagoela erantzuten dizu, konplizidate keinu bat eginez. Auzokideari segurtasun txanda egokitu zaigula esaten diozu, larunbatean, kontzertuen bitartean. Erantzuna, amorrua disimulatuz, ezezkoa esaten ez dakienarena izango da, konpromisoa ukaezina baita.
Erregaia dugu osatzen gaituen kontraesan bakoitza. Barrenak astindu zizkigun kontraesanak garela zioen mezuak, zalantzek zeharkatzen gaituztela jakiteak, baina hauek gaindituz egiten dugula aurrera. Elkarlanean gainditzen dira kontraesanak, gazteon problematika ezberdinak elkarbanatzeko guneak sortuz, norbanakoaren kezkak kolektibo bilakatuz, ehundaka pertsonek osatutako asanbladetan haserre oihuak lau haizeetara zabalduz, sufritzen dugun mina politizatuz, horrela konturatzen baitgara hau ez dela koherentzia kontua, kapitalismo heteropatriarkala baizik.
Erregaia dugu dagokigun erantzukizuna. Inork ez ezarria, baina zalantzarik gabe bereganatua. Diruak mundua mugitzen duela dioten horiei guk sortutako txanponak mugituko duela argi uzteko erantzukizuna. Merkantzien aldaketarako bitarteko gisa makusoak erabili genituen bitartean, bagenekien erabili beharreko txanponak bi aurpegi zituela, batetik, borroka nazionalarena, eta bestetik, klase borrokarena. Urte luzez txertatua izandako kontzeptua eraldatu, eta moneta hori aleazio bilakatzeko beharrean ikusi gara, independentzia, sozialismoa eta feminismoak osatuko duten aleazioa.
Eta, nola ez, erregaia ditugu gure aurretik borrokan aritu zirenek piztutako su txiki guztiak. Gazte antolakuntzak 40 urte beteko dituen horretan, mundua astintzen ibili ziren horien hitzen oihartzuna entzun genuen. Aurrez aurre hitz egin zigutenek zein euren burua ezkutatzeko beharra ikusi zutenek, aurreko garaien idealizazioan ez gaitezen erori, haiek ere kontraesan izan baitziren, eta tinko jarraitzeko eskatu ziguten. Sorginkeriak nahi duena lor dezakeen heinean, harriek ere hitz egin ziguten, hautatutako bidea egokia dela zioen eta borrokan berresten gintuen mezua helaraziz. Ezinezkoa zaigu gure jatorriari uko egitea.
Oiartzun sorginduta dagoenaren zalantza geratuko zaigu. Su txikiek sute erraldoia sortu zuten, bakoitzak bere herri zein auzotik ikus dezakeen sutea. Igande goizaldean, lagun bati esan nion begira ziezaion egunsentiari, paisai liluragarri batekin topagunea agurtuko genuela. Erantzuna, ezinhobea: <<merezi izan du ernai egoteak ordu hauetan!>>. Merezi du, noski. Merezi du gazte izanik antolatua egoteak. Merezi du su txikiek sortzen duten berotasuna mantentzeko borrokatzeak. Bulkada berriek hamaika egunsenti eraikiko dituztelako, merezi du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!