Txileko herriari iruzurrik ez!
Atzo, Txileko Herriak kaleak hartu zituenetik hilabete bat bete zen. Mobilizazioen bitartez, anestesiatuta zegoen Herria esnatu egin dela gogorarazi zioten munduari. Borroka ez da eten eta horrela adierazi zuten beste behin ere, Andeen Kordilera eta itsasoaren artean dauden herri zein hiri ezberdinetako herritarrek.
Orain dela hilabete bat, Ertainetako Ikasleen mobilizazioa bere eginez eta hauek jasandako errepresio bortitza salatuz, Herriak kalea hartu zuen. Metroaren igoerak piztu zuen protesta, eta urteetan jasandako zapalkuntzaren aurpegi ezberdinekin bukatzeko determinazioa nagusitu zen ondoren. Santiagotik, eskualde guztietara olioa bezala zabaldu zen borroka. Gazteen freskotasunak, 2006 eta 2011ko mobilizazio jendetsuetako protagonistekin konektatzea lortu zuen. Baina haratago jo zuen, eta dikaduraren garaiko sarraskiak erangindako beldurrak blokeatuta zituen belaunaldien amorrua ere esnatu zuen.
Pinocheten diktaduran sinatutako Konstituzioak dena oso lotuta utzi zuen. 1980. urtetik indarrean dagoen Lege Nagusi honek kapitalismoan sakontzea helburu izan zuen eta herritarren egunerokotasunean sekulako eragina dauka. Adibide adierazgarri batzuk ematearren: bederatzi ordutako lan jardunaldia dute; gutxieneko soldata 360 euro ingurukoa da, bizitzaren kostua 950 eurotan kalkulatuta egonda; pentsio sistema pribatizatua, derrigorrezkoa eta oso bidegabekoa da, pertsona asko hil arte lan egitera kondenatuta daude; ikasteagatik Estatuarekin zorpetu egiten dira ikasleak; osasun sistema publiko prekarioaren ondorioz jendea hiltzen da; beraientzat oinarrizko elementua den lurraldearen lapurketa ahalbideratzen duen Herri Maputxea anikilatzeko estrategia kapitalista… Guzti honengatik, Txilek, ezberdintasun soziala neurtzen duen rankingean zazpigarren postua du.
Azken astean, elementu berri bat agertu da Txileko egoera politikoan, Gobernuan dauden talde politikoek eta opozisioan dauden gehienek sinatutako “Acuerdo de paz y Nueva Contitución”. Konstituzio berri bat idazteko bide-orri honek kaleetan entzundako aldarrikapen nagusietako bati erantzuten diola dirudi, baina mugimendu sozialek errefusatu egiten dute. Zergatik?
Hasteko, hau adosterakoan ez dute kontutan hartu, kalean, antolakuntza eta borrokaren bitartez hau ahalbideratu dutenen ahotsa. Hau, Herri mugimenduak arbuiatzen dituen zenbait mekanismo barneratu izanak baieztatzen du. Konstituzio berria idazterakoan, artikulo batek aurrera egin ahal izateko ordezkari konstituzionalen bi herenek onartu beharko lukete eta hala ez bada, artikulu hau ez litzateke sartuko eta ez litzateke honen inguruan legeztatuko. Mugimendu sozialentzat, hau, gutxiengoaren betoa onartzea da.
Honetaz gain, egongo diren bozkaketa ezberdinetan parte hartzeko 18 urte beteta izan behar dituzte bozkaemaileek. Prozesu guzti honetan, protagonistak izan diren gazteak politikoki ukatzea suposatzen du
honek. Akordioak ez du barneratzen genero parekidetasuna eta nazio aniztasuna bermatzeko bitartekorik eta alderdi politikoekiko menpekotasunean sakontzen du.
Honen aurrean, egun hauetan, Txileko txoko ezberdinetan batzartutako kabildoak, lurralde asanbladak edota trawünetan egindako lana aldarrikatzen dute. Honen helburua parekidetasunean eta nazio aniztasunean oinarritutako Asanblada Konstituziogilea izanda.
Politikarien arteko akordio sinatzen zen bitartean, errepresioak indarrean jarraitzen zuen. Edozein prozesu aurrera eramateko, herriaren kontrako indarkeria etetea aldarrikatzen dute, eta honetaz gain, errepresio bortitzaren erantzuleak zigorgabe ez ateratzea.
Jendeak kalean jarraitzen du eta aurrera egiteko indarra badago. Argi izan dezagun iruzur baten aurrean
jarri dutela Herria, baina kaleko erantzuna iruzur honi aurre egitea eta orain arte lortutako antolakuntza
eta borrokarako grina babestea izan da, herritarren proposamen politikoak mahaigaineratzen dituzten bitartean. Txileko lelo batek dioen bezala, betirako borrokatu behar da, beti borrokatu behar ez izateko.
Itxaso Viñe
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!